Sons Of Anarchy

Sons Of Anarchy https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/06/13
erreportajea
TESTUA: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Sons Of Anarchy
Krimenaren gerizpean, 92 ataletan zehar ikusgai ditugun gezur, traizio, azpijoko eta emozio guztiek, telesail batean sekula bizi izan dugun adikzio maila altuenetakoa sortzea lortu dute, fikzio hau, droga hutsa bilakatuz. Ongi etorri ‘SAMCRO’ motozale elkartera.


Urtea: 2008 -2014.
Sortzailea: Kurt Sutter.
Herrialdea: AEB.
Denboraldiak: Zazpi.
Atal kopurua: 92 (bakoitzak 45 minutu inguru).



ZERGATIK IKUSI

• Telesail hau gomendatzen dudan bakoitzean eta zeri buruzkoa den galdetzen didatenean: "Armekin trafikatzen duen motozale elkarte bati buruzkoa". Hortik aurrera, gehiengoen erreakzioa: "uf, ze nagikeria", "gaia ez zait interesatzen", "horrelakoak askotan ikusi ditugu". Ahaztu beraz, premisa sinple hori eta murgildu bi aldiz pentsatu gabe, koipez eta kez beteriko klub basati honetan.
• Leialtasuna delako telesailak aztertzen duen gai nagusi eta garrantzitsuena. Baliteke adjektiboa abaildua egotea baina, ‘Shakespearetarra’ izan liteke istorio hau deskribatzeko aproposena. Pantaila txikiak, gutxitan aztertu baitu halako talentuz, drama klasikoetan ageri diren obsesio horiek guztiak: familia, ohorea, boterea, odola, traizioa, tentazioa, errua…
• Trama orokor horren barruan denetarik ikusiko duzuelako, beti ere biolentzia maila altuarekin; IRA talde armatuarekin loturak, drogaren kartel arriskutsuenekin tratuak, neonaziekin negozio ilunak edota errusiar mafiarekin tirabira korapilatsuak, esaterako.
Lost, Game of Thrones, The Wire, Boardwalk Empire, Breaking Bad eta The Sopranosekin batera, inoiz ikusi dugun pertsonaia sorta zoragarri eta berdingabeen erakustaldi bilakatu delako: Jax, Gemma, Tig, Chibs, Juice, Wayne, Tara, Clay, Opie, Happy, Pine, Nero, Wendy… ahaztezinak guztiak.
• Guztia, kantu zoragarri eta ezinbestekoz jositako soinu banda paregabe batek janzten duelako. Sinfonia odoltsu, basati eta bortitz bat sortuz.

BINGE WATCHING
Bai, biharamunik ez balego bezala. Lehen lau atalek gehiegi harrapatzen ez duten arren, hortik aurrera adikzio hutsa bilakatzen da.

BITXIKERIAK
• Pertsonaia famatu askok telesail honen zaletu direla aitortzeaz gain, hainbat ataletan ‘cameo’ txikiak ere burutu dituzte (batzuk gainera, pertsonaia garrantzitsuak bilakatu dira tramaren barruan) Stephen King, Henry Rollins, Marilyn Manson, Carmelo Anthony, Dave Navarro, David Hasselhoff, Courtney Love eta jakina, telesailaren sortzailea den Kurt Sutter, Otto pertsonaia gorpuztuz.
• Ikusgai diren tatuaje mordoen artean, David Labrava (Happy) aktorearenak dira soilik egiazkoak. Hell’s Angelsen benetako kide da gainera.
• Aktore askoren beldurrak gainditzeko ere balio izan zuen telesailak. Ron Perlmanek, adibidez, sekulako fobia sentitzen zuen moto baten aurrean. Clayen pertsonaia gorpuzteko, ordea, ezinbesteko baldintza motoak gidatzen jakitea zenez, beldur hori gainditzea lortu zuen.

GUSTUKO BADUZU, EZ GALDU
Boardwalk Empire (2010-2014) 159. GAZTEZULOn.
The Sopranos (1997-2007).
The Shield (2002-2008).