Skakeitan, Izaro eta Bulego izango dira Finlandiako Bite Basque Beat jaialdiaren bigarren edizioan

Skakeitan, Izaro eta Bulego izango dira Finlandiako Bite Basque Beat jaialdiaren bigarren edizioan Kontzertuez gain, musika eta dantza ikastaroak ere antolatu dituzte bertako euskal komunitatearentzat. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/skakeitan-izaro-eta-bulego-izango-dira-finlandiako-bite-basque-beat-jaialdiaren-bigarren-edizioan/@@download/image/skakeitan1.jpg
2022/08/16

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Kontzertuez gain, musika eta dantza ikastaroak ere antolatu dituzte bertako euskal komunitatearentzat.
Skakeitan, Izaro eta Bulego izango dira Finlandiako Bite Basque Beat jaialdiaren bigarren edizioan

Bite Basque Beat euskal musika jaialdia abuztuaren 30etik irailaren 3ra egingo da, eta aurtengoan bi hiritan antolatuko da, Tanperen eta Helsinkin. Gainera, kontzertuez gain, kaleko dantzari eta musikariak ere joango dira, kalejirak, musika zein dantza ikastaroak eta erromeriak eskaintzeko bertako euskal komunitateari. Hiri bakoitzean bi eguneko egitaraua dago aurreikusita; lehenengo egunean, ikastaroak eta erromeriak antolatuko dira eta, bigarrenean, kontzertuak.

Lehenengo edizioan Gatibu, Zetak eta Olatz Salvadorrek hartu zuten parte, eta oraingoan Izaro, Skakeitan eta Bulego taldeek izango dute aukera. Euren zuzeneko emanaldiak abuztuaren 31n, Tanpereko G Live Lab aretoan, eta irailaren 2an, Helsinkiko Heidi’s aretoan, izango dira. Antti Koivula artista finlandiarrak ere kontzertua emango du Helsinkin, euskal taldeekin batera. Antti ospe handiko artista finlandiarra da, suomiz kantatzen duena. Mahai-ingurua ere egingo dute elkarrekin hilaren 2an, kontzertuen aurretik,  hizkuntza txiki batean kantatzearen "garrantziaz, zergatiaz eta mugez" aritzeko.

Etxeparek azaldu duenez, Finlandiako lehenengo musika jaialdi euskaldun honek Tamperrada euskal pintxo txapelketa du jatorrian. Hamahiru urtez egin da, Mikka Reinikka euskara eta euskal kulturaren zale amorratuak antolatuta, eta urtero hirurogeita bi taberna eta jatetxek parte hartu dute. Iaz ekimena zabaltzea erabaki zuten, eta pintxo lehiaketarekin batera, musika jaialdia egitea. Aurten, berriz, euskal musikaren inguruko tailerrak eta erromeriak izango dira berrikuntza nagusia.