Shorts, Youtuberen alternatiba TikTok-i aurre egiteko

TikTok bideo azkarren plataformak sare sozialen pastela irentsi du, gazteria erabat konkistatuz. Horren aurrean, gainontzeko sare sozialak antzeko aukerak diseinatzen hasi dira, lehia piztuz; hala, duela aste batzuk Instagramek martxan jarri zuen Reels, segundu gutxiko bideo azkarrak igotzeko aukera berria (gehienak TikTok-etik ekarritako bideoak dira oraingoz), eta Youtubek ere aukera berri iragarri du, Shorts izenekoa.
Hala, Youtubeko erabiltzaileek mugikorretik zuzenean 15 segundoko bideoak igotzeko aukera izango dute aurrerantzean. Erabilera TikTok eta Reel-en oso antzekoa izango da, erraza eta azkarra. Erabiltzaileek gehienez 15 segundo iraun ditzakeen bideoak egiteko aukera izango dute, eta honi musika gehitzeko aukera izango dute. Bideoak Youtubeko orrialde nagusian agertuko dira.
Nahikoa izango ote da TikTok-i lehia egiteko? Youtuberen ustetan bai, izan ere, TikTok-en erabiltzaileak 500 milioi diren bitartean, Youtubera 2.000 milioi pertsona sartzen dira hilabetero. Youtubek berak hori saldu nahi du; "famatu" bilakatzeko aukera gehiago eskaintzen duela. Abantaila handia da, dudarik gabe.
Shorts-en beta bertsioa martxan jarri dute Indian, eta laster munduko beste herrialdetara zabalduko dute. Noski, bideoak bertikalean izango dira.