Shortbus ***

John Cameron Mitchell aktore eta zinemagileak liluratu gintuen duela ez asko Hedwig and the Angry Inch irudimentsuarekin. Hortaz, zertxobait gehixeago espero genuen oraingo honetan, egia esan. Sexu esplizituko eszenez blaitutako drama irregularra da Shortbus, baina. Sekula orgasmorik izan ez duen sexologoa da Sofia. Severin izeneko dominatrix batekin egingo du topo, eta arazoa konpontzeko laguntza eskainiko dio neskatoak. Halaber, Sofiaren kontsultara joan ohi den bikote gay batek krisi larria biziko du. Cameron Mitchell zinemagile interesgarriak gizarte puritano estatubatuarraren oinarriak txikitu egiten ditu bakardadeaz eta maitasun beharraz diharduen drama erotiko honen bitartez.