Sexurik onena probatu nahi? Gakoa ondo lo egitea da

Sexurik onena probatu nahi? Gakoa ondo lo egitea da Gure atsedena laburregia eta kalitate eskasekoa da; zoritxarrez, horrek eragin zuzena du gure sexurako gaitasunean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexurik-onena-probatu-nahi-gakoa-ondo-lo-egitea-da/@@download/image/lockdown-sleep.png
2021/02/17
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Gure atsedena laburregia eta kalitate eskasekoa da; zoritxarrez, horrek eragin zuzena du gure sexurako gaitasunean.
Sexurik onena probatu nahi? Gakoa ondo lo egitea da

Zenbat ordu egin dituzu lo? Kalitatezko atsedena izan al da, ala etengabe esnatu zara? Amesgaiztoak izan dituzu? Kostata hartu duzu lo, ondoren oraindik ere nekatuagoa esnatzeko? Loak sekulako eragina dauka gure gorputzaren osasunean, eta lanean esna mantentzeko hiruzpalau kafe behar izateaz gain, gure sexurako gaitasunean ere eragin dezake. Hala, lo falta da sexu arazoen arrazoi nagusienetakoa.

Psychology Today aldizkarian Chris Brantner loaren adituak azaltzen duenez, heldu gehienek zazpi ordu baino gutxiagoko loaldiak egiten dituzte; aldiz, 7 eta 9 ordu bitarteko atsedena gomendatzen dute adituek. Horrekin batera, kalitate eskaseko atsedenaldiak ditugu; lo hartu aurretik eta esnatu bezain laster mugikorraren pantaila da gure begiek ikusten dutena, eta horrek ez digu mesederik egiten. Badira loaren kalitatea zapuzten duten beste hainbat elementu; zarata, argitasuna, logela txukun eta garbi ez mantentzea, izarak maiz ez aldatzea, logelan telebista pizturik mantentzea, afari pisutsuak egitea, alkohola, tabakoa, eta abar...

Loaren kantitate zein kalitatea ez zaintzeak bizitzaren atal garrantzitsu bati eragiten dio: sexua. Lorik gabe, sexua kalitate eskasekoa izango da. Eta ez hori bakarrik; epe ertain-luzera, sexu arazoak eragin ditzake, erekzioaren disfuntzioa, besteak beste. Zergatik? Atseden ezak estresa eta antsietatea eragiten ditu; gauzak horrela, garunak estrogenoa eta testosterona ekoizteari uzten dio (sexuaren hormonak), eta kortisol hormonarengatik ordezkatzen ditu (estresaren hormona).

Ondorioa argia da; geroz eta lo gehiago egin, sexurako gogo gehiago izango ditugu. Honek badu beste abantaila bat, izan ere, sexu onak atseden hobea izaten lagundu dezake, endorfinak askatzen direlako. Biak ala biak estuki lotuta daude: sexu ona nahi baduzue egin lo, eta lo egin nahi baduzue, gozatu sexuaz.