SEXUMATOIA: ENERITZ FURYAK

SEXUMATOIA: ENERITZ FURYAK “Beti diot “Katu Voyeur” fanzinea egingo dudala egunen batean” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexumatoia-eneritz-furyak/@@download/image/SEXUMATON_ENERITZ_FURYAK_diapo_3.jpg
2020/08/05
elkarrizketa
“Beti diot “Katu Voyeur” fanzinea egingo dudala egunen batean”
SEXUMATOIA: ENERITZ FURYAK

Eneritz Dueso (Irun, 1993) musikaria, Eneritz Furyak bilakatzen da gitarra batekin eskuan melodia katramilatsu bezain atseginak helarazteko. Beste Alter Egoren bat edukiko al du izaren azpian jarduten denean?

 

  • Zein da zure film erromantiko gogokoena?
    Carol (Todd Haynes, 2015) asko gustatu zitzaidan, baina ez dago Gabonetako film erromantiko txarrak biharamunarekin ikustea bezalakorik.
  • Noiz eman zenuen zure lehen muxua?
    Adina ez dut gogoan, baina kuadrillako azkena izan nintzen norbait musukatzen. Azken putz.
  • Joango al zinateke zita batera itsu-itsuan?
    Miopea naiz, ez dakit bestela joaten.
  • Zer da zita batean inoiz esan behar ez dena?
    “Ez zara beste neskak bezalakoa”. Faborez...   
  • Lehen begiratuan erakartzen zaituen hori?
    Misterioak erakartzen nau. Dena ez esateak, lotsak, harroputza ez den jendeak bere burua “interesgarri” gisa azaldu nahi duenean erakutsi ohi duen xalotasunak...
  • Ligatzeko erabili duzun trikimailurik onena?
    Bost minutuz jarraian isilik egotea. Trikimailu ederra litzateke gustatzen zaidan jendearen inguruan erabiltzen ikasiko banu!
  • Zita batean, zuk ematen al duzu lehen pausoa, ala nahiago besteak aurrea hartzea?
    Aldi berean estropezu egitearen aldekoa naiz. Lehen musua hortzen arteko talka baldarra bilakatzen denean bezala.
  • Zer menu prestatuko zenuke lehen zita batean?
    Menu? Prestatu? Ezin al gara inora afaltzera joan? Zer da, urtarrilaren 1eko gaua? Goizeko 4ak? Iparraldeko belaze galdu bat, 20:00etan? Bardeak? Zergatik gaude hemen ordu honetan? Nondik gatoz? Nora goaz? Zergatik gara hain ergelak? Honek ez du etorkizunik... utikan! Afaldu gabe ohera, eta bakoitza berera.
  • Argia piztuta ala itzalita?
    Piztuta, baina ahal bada apal.
  • Inoiz eman dizuten gomendiorik onena ligatzeko?
    “Eneritz, utzi dantzatzeari”.
  • Eta txarrena?
    “Dantzatu”. Hori obsesioa dantzarekin. Utz nazatela bakean.
  • Etxeko zein txoko da zuretzat onena sexurako?
    Ohea. Altzarietan altzaria.
  • Inoiz harrapatu al zaituzte jo eta su?
    Katuek. Eta ez nire katuek bakarrik. Beti diot “Katu Voyeur” fanzinea egingo dudala egunen batean.
  • Aurreko beroketak; bai ala zuzenean ekintzetara?
    Beroketak ere ekintza dira.
  • Zein da inoiz egin dizuten proposamenik zoroena?
    Txepelena hauxe: autotzar batean eramango nindutela, eta ez dakit zer leku garestitara bazkaltzera eraman, eta ez dakit zer erosi...