SEXUMATOIA: ANA GALARRAGA
“Ikerketek frogatu dute beroketak ezinbestekoak direla emaitza ona lortzeko...”

Zeinek dio zientzia ez dela dibertigarria? Eta kitzikagarria? Ana Galarragak (Zarautz, 1970) urtetan gerturatu dizkigu zientziaren sekretuak Elhuyarren eta beste hainbat komunikabideetan; baina sekretupeko ze beste esperimentu ekarri ote dizkigu?
- Zein da zure film erromantiko gogokoena?
Frankenstein (1931, James Whale) - Zer da zita batean inoiz esan behar ez dena?
“Zer ordu da?” - Noiz eman zenuen zure lehen muxua?
Kuantikaren arabera espazioa eta denbora erlatiboak direnez, ezin ziur jakin… - Lehen begiratuan segituan erakartzen zaituena?
Ikusten ez denak: ahotsak, usainak, feromonak, elektromagnetismoak… Izan ere, miopea naiz! - Inoiz eman al dizute kalabazarik?
Bai, eta ez dago gaizki ere: kaloria gutxi ditu, eta bitamina eta mineral ugari. Baina, aukeran, nahiago zigala batzuk, adibidez. - Ligatzeko erabili duzun trikimailurik onena?
Denak erabiltzen saiatzen naiz: kimikoak, fisikoak, biologikoak, neurologikoak, fisiologikoak, hormonalak, elektrikoak, genetikoak... Baina oraindik ez dut formula matematikoa aurkitu. - Zientziak argitu ote ditzake ligatzeko sekretuak?
Edozein gaitan, zientziak zenbat eta alderdi gehiago argitu, orduan eta galdera gehiago sortzen dira. Ligatzeko sekretuekin ere gauza bera gertatuko litzatekeelakoan nago. - Inoiz egin al duzu “esperimenturik” ohean?
Bai, noski! Zorrotz, gainera; esperimentuen etapa guzti-guztiak betetzen ditut: behaketa, hipotesia, ikerketa, emaitzak eta ondorioak. - Zita batean, zuk ematen al duzu lehen pausoa, ala nahiago besteak aurrea hartzea?
Eboluzioaren teoriak dioenez, ingurunera egokitzea da bizirauteko gakoa; hortaz, ingurunea zein den, era batera edo bestera jokatzen dut. - Ze menu prestatuko zenuke lehen zita batean?
Dietetika eta nutrizioaren aholkuak jarraituz, zerbait arina eta energetikoa, aldi berean, betekadarik izan gabe indartsu egoteko. - Erabili al duzu inoiz zientziarekin lotutako datu interesgarririk norbait liluratzeko?
“Bazenekien klitoriaren %90 ezkutuan dagoela?” - Ligatzeko playlist bat daukazu?
Bai, algoritmo oso sofistikatu baten bidez osatua. - Argia piztuta ala itzalita?
Schrödingerren katua bezala: piztuta eta itzalita, aldi berean. - Etxeko zein txoko da zuretzat onena sexurako?
Etxean izan behar al du? Laborategikoa zein landa-lana, biak dira osagarriak eta gustagarriak. - Aurreko beroketak bai ala zuzenean ekintzetara joatea nahiago?
Ikerketek frogatu dute beroketak ezinbestekoak direla emaitza ona lortzeko. Hori bai, ez dute esaten zenbat denbora iraun behar duten. - Zein da zure fantasiarik zoroena?
Bizidun estralurtarrekin topo egitea. Dena legoke deskubritzeko!