Sexualitatea berrogeialdian

Sexualitatea berrogeialdian Halabeharrez aldatu behar izan dugu gure egunerokotasuna, aukera berriak eman dizkigu, eta ahulguneak ere baditu aldaketak. Beharbada ez dira denontzat berberak izango aukerak eta ahulguneak, ingurura begiratuta ordea, sexualitatea ahulgunetzat bizi dute batzuek eta besteek indargunetzat. Zenbaitek galdetu diote beren buruari sexu-harremanak izatea posible ote den, elkar ukitzea debekatu diguten honetan, bada etxe berean bizi eta sintomarik ez duten pertsonen artekoak badira zergatik ez? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexualitatea-berrogeialdian/@@download/image/sexua4.png
2020/05/26

Kattalin Artola

Halabeharrez aldatu behar izan dugu gure egunerokotasuna, aukera berriak eman dizkigu, eta ahulguneak ere baditu aldaketak. Beharbada ez dira denontzat berberak izango aukerak eta ahulguneak, ingurura begiratuta ordea, sexualitatea ahulgunetzat bizi dute batzuek eta besteek indargunetzat. Zenbaitek galdetu diote beren buruari sexu-harremanak izatea posible ote den, elkar ukitzea debekatu diguten honetan, bada etxe berean bizi eta sintomarik ez duten pertsonen artekoak badira zergatik ez?
Sexualitatea berrogeialdian

Osasun krisia deitu dioten egoera ez ohikoan pertsona bakoitzak ahal izan duena egin du. Bestelako egoera hauei aurre egiteko eta egokitzeko norberak dituen mekanismoak martxan jarri dira kontzienteki edota jabetu gabe. Guztiok ditugu egoera aldrebesetara ohitzeko era desberdinak, eta horrelakoetan ere gure gorputzak konfort egoeran sartzera tiratuko gaitu ziur aski. Hortaz, baliteke gustua hartzea eta atzera egoera aldatuko dela pentsatzeak nagia ematea. Sentsazioa izaten da guraso izan direnek esaten dutenean bezala, beren hilabeteko haurrari erreferentzia eginez “sentitzen dut haurra beti egon dela gurekin”, haurra izan baino lehenagoko bizitza arraroa izango bailitzan eta estreinako egoerari oso erraz egokitu balira bezala. Haurrik gabe egin duten bizitza imajinatu ezinik egoten dira.
Hainbatentzat ihesbide izan dira bikotekidearekin edo lagunekin izandako sexu-harremanak, etxean egon beharrak sortzen duen energia karga deskargatzeko modua alegia. Eta artean hartu gabeko denbora eskaini diote sexualitateari. Alabaina, badira etxean bakarrik eta bisitarik gabe geratu direnak ere. Beraiei kontaktu fisikorik gabeko egunerokoa errealitatea bilakatu zaie. Eta akaso beraiena ez den beste gorputz batekin (lagunena, seme-alabena edo bilobena bada ere) ukitzea eta goxotasuna sentitzea da gehienbat faltan sumatzen dutena.
Haatik, ariketa bat proposatu nahiko nuke: zein irudikatzen dugu a priori gure buruan etxean konfinamenduan masturbatuz edo erotikari loturiko beste zenbait jolasetan?
Bikote jubilatu berria seguru, edota etxean konfinamenduan bakarrik egon den emakume heldua ziur. Agian haurrak lokartu eta berehala ondoko gelan jostailu erotikoren batekin dabilen ama monoparentala.
Litekeena da egoera arruntean baino konfinamenduan denbora gutxiago izatea, telelana eta zaintza-lanak tarteko. Sexualitateaz patxadaz gozatzeko momenturik ezin topa egon diren pertsona asko izango dira edota alerta egoeran gogorik apenas izan duenik ere.

Ariketa bat proposatu nahiko nuke: zein irudikatzen
dugu ‘a priori’ gure buruan etxean konfinamenduan
masturbatuz edo erotikari loturiko beste
zenbait jolasetan?”


Etxean bakarrik egonda aukera paregabea izan da gure gorputzari arreta emateko beta hartzea, gure gorputzaren irudi positiboa bultzatzeko. Noizbehinka sexy sentiarazten duen zerbait jantzi edo erantzi duen norbait izango da, baita bere gorputzarekin gustura sentiarazten duen zerbait egingo duenik ere, esate baterako, biluzik aritu sukaldean, dutxa bero eta goxoak hartu, ispilu aurrean dantzatu edo masturbatu etab.
Gorputzak elkar ez ukitzeak urruntze emozionala eta soziala sor dezake zenbait harremanetan, kontrakoa ere gerta daitekeen arren. Izan ere, ezin ukitzeak eta ezin elkarrekin egoteak are eta irrika eta gogo gehiago sortzea du pertsona horrekin gorputzez gorputz egoteko. Hari horretatik tiraka, ezin aipatu gabe utzi sexting-a, konfinamendu garaian tresna erabilgarri eta baliagarri bihurtu dena sexu-harremanak on line izateko eta plazera birtualki sentitzeko. Sexting izena hartzen du, hortaz, eduki sexual eta erotiko pertsonala duten argazkiak, bideoak edo mezuak gailu teknologikoen bidez bidaltzeak, dela berehalako mezularitzako aplikazioak erabiliz, dela sare sozialak, posta elektronikoa edota bestelako komunikazio-tresnak erabiliz. Sexting hitza ingelesezko akronimoa da, sex (sexua) eta texting (mezuak idaztea), izenek osatua. Kontuan izanik, internet bidezko sare sozialak direla gure inguruko jendearekin harremanak mantentzeko eta beren berri jakiteko forma bakarra, erotika garatzeko ere modu bilakatu da.
Beldur pixka bat eragiten du gure arteko gorputzen kontaktuak beldurra ematea zenbaiti. Ea ez ote dugun dena erosoago egingo pantailen atzetik edota metro eta erdira, eta ez gorputzetik gorputzera, horrek suposa dezaken guztiarekin. Nahikoa kostatzen zaigu elkarrekin goxoak eta gertuko pertsonak izatea eta ea alarma egoera honek beste ondorio positiboak ekartzen dituen.

Testua: Kattalin Artola