Sexua zenbakietan

Sexua zenbakietan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexua-zenbakietan/@@download/image/5p18-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Bizitzaren beste hainbat esparru bezala, sexua ere zenbakiez neurtzeko ohitura dago gure gizartean. Zenbakiok sexuaren sailkapenean, lehen mailan, bigarrenean ala auzoko liga txapelketan jokatzen ari ote garen esaten digute. Benetan?   

15 zentimetro.
Ez, ez da labeldun Kanarietako platanoek izan beharreko gutxieneko luzeera. Durex preserbatibo enpresak egindako inkesta baten arabera, zakil gehienak hamabost zentimetroren bueltan ibili ohi dira. Dena den, ikerketak gizonen erantzunak bildu zituen, hau da, ez zen benetako neurketarik egin. Nolako eragina du zakilaren tamainak emakumearen gozamenean? Sexologoek behin eta berriro diotenez, orohar ez du inongo eraginik. Hala eta guztiz ere, Karlos Yuste sexologo bilbotarrak urrunago joan nahi du: "jendeak sexua larrua jotzearekin eta heterosexualitatearekin lotzen du. Eta dirudienez, gizona aktiboa da eta emakumeak, aldiz, gizonak emandako plazerra jaso behar du. Nik bestelako eredua dut: sexua bizitzeko modu asko dago, larrua jotzeaz gain, askoz gauza gehiago egin daitezke, ez da produktibitatearen arabera neurtu behar...". Aizu, mutil irakurle prestu hori, azken boladan garuna goiko burutik hankarteko burura jaitsi al zaizu, ala?
90x60x90.
Zenbakiok biderkatuz gero, emaitza 486.000 da. Beraz, 50x100-x100eko neurriak badituzu, ez zabiltza eredutik urrun, emaitza 500.000 baita. Eta 100x100x100 baduzu, emakume milioiduna eta Boteroren musa eder horietako bat izatera iritsiko zara! Egia esan, historian edertasun ereduak asko aldatu dira, eta gaur egun ere aldatzen ari dira. Antza, azken boladan neska modeloen artean, 90x60x90eko neurriak baino garrantzitsuagoa da hankak metro bat luze izatea. Jakina, eredu hauek sekulako buruhausteak sortzen dizkio jende askori eta bulimia edo anorexia bezalako gaixotasunak sortzen dira. Beraz, utikan!
2 alditan.
Ez egunero, ezta astean lau edo bost alditan ere. Elkarrekin bizi diren bikoteek sexu harremanak astean bi alditan izaten dituzte, batez beste. Karlos Yusteren esanetan,"dirudienez, koitoa zenbat eta gehiagotan egin, orduan eta zoriontsuago. Ez da egia. Sexuan gauza gehiago egin daitezke, eta beste gorputz atal batzuek, belarriek edo garondoak esaterako, sekulako plazer psikologikoa eman dezakete, orgasmoa bera baino gozagarriagoa. Azken batean sexu kultura falta ikaragarria dago. Ezin da sexua horrela ulertu, ia besteak zenbat orgasmo dituen". Emakume batzuek, euren burua larrutan egitera behartuta ikusi dutenez, sexua gorrotatzera ere iritsi direla dio sexologo bilbotarrak. Beraz, badakizue, idi txuletoia jatea ondo dago, baina azpizuna, bixigua, legatza edo mariskoa ere goxoak dira, ezta? 
20 minutu.
Zergatik uste duzue mutil guztiak kirola egiten hasiak direla? Ez baita batere erraza hogei minutu txikili-txakala pasatzea, neskak orgasmoa izan dezan."Sexua ez da ondo egiten. Onena ordubete, bi ordu edo arratsalde oso bat eskaintzea izango litzateke, goxo-goxo eta lasai egoteko. Hori egin beharrean, larrua jotzera, korrika eta presaka, mugatzen gara, nekatuta gaudenean, ohean eta ilunpetan, hurrengo egunean 07.00ak aldera jaiki behar dugu eta. Beraz, koitoak zenbat irauten duen? Zakilak ahal duena: nola berotu garen, gehiago edo gutxiago", dio Yustek. Hala ere, ohiko eredu heterosexualari jarraitzen ez diotenek, lesbianek edo gay-ek adibidez, hobeto lantzen omen dute sexua: "denbora gehiago eskaintzen diote, zakila edo alua ezezik, gorputz osoa erabiltzen dute...". 
16 urte.
Batez beste, jendeak hamasei urterekin izaten du lehen sexu harremana. Baina, zer da sexu harremana? Koitoari buruz hitz egiten badugu, lehendabizikoa normalean hamazazpi urtetik gora izaten dela dio Yustek. Aurrena bestelako esperientziak izaten dira. "Kontu honekin min handia egiten da. Hamalau edo hamabost urteko neska askok beldurra dio mutilak zakila sartzeari, baina hala ere, onartu egiten dute, beldur baitira mutila galduko ote duten. Bestalde, mutilak zakila sartzen ez badu, benetako gizona ez dela dirudi. Zenbat urterekin egin behar den? Gogoa dutenean. Hala ere, gaztetxoak hezi behar dira eta jakin behar dute sexu harremanak pertsonen eta berdinen artekoa izan behar duela".
69.
Azkenik, iritsi gara sexuaren zenbaki mitikora! Nork ez du saiotxoren bat egin zenbaki magiko honekin? Kontrakoa dirudien arren, jende gehienak. "Sexuan, betiko ohiturak oso barneratuak ditugu. Emakume askori ez zaio batere gustatzen zakila zurrupatzeko ideia", dio Yustek. Antza, "69" ospetsuak gozamenaren gailurrera eramaten ditu neska-mutilak. Ez da hainbesterako, ordea: "oso gozagarria izan daiteke, baina ez du zertan horrela izan. Kontuan hartu "69" gizonak isurtzen duenean bukatu ohi dela. Gizon batzuek ahoa gertutaratu orduko isurtzen dute. Horrez gain, neskei klitoria zurrupatzen bazaie, izugarrizko orgasmoa lortuko dutela dirudi, baina zenbaitetan ez dago ez orgasmorik, ez ezer".