Sexua eta kirola

Sexua eta kirola https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexua-eta-kirola/@@download/image/78p52sexu_1363807823.jpg
2007/10/05
elkarrizketa
Larraitz Arando. Psikologoa eta sexologoa.
Sexua eta kirola
1994an izan zen: Berti Vogtsek, Alemaniako futbol selekzioaren zuzendari teknikoak, debekatu egin zien bere jokalariei partiden aurretik sexu jolasak egitea. Albisteak eztabaida handia eragin zuen orduan, eta oraindik ere gaiak zeresana ematen jarraitzen du. Baina, zer da mitoa eta zer, egia? Horren bikote txarra al dira sexua eta kirola?  

Kirol aditu batzuen ustez, gizonezko kirolarien errendimendua jaitsi egin daiteke, lasterketen edo partiden aurretik, sexua praktikatuz gero. Sexua praktikatzean xahututako energia eta kirol emai-tzak alderatu dituzte, eta egia da orgasmoak gastu kardiobaskular jakin bat izan dezakeela; etxe bateko bigarren solairura korrika igotzearen pareko gastua, adibidez. Beste zenbait adituren arabera, sexua praktikatzeak gizonezko kirolarien arreta eta kontzentrazioa desbidera dezake.

Mutilak ez, neskak bai

Auzi honetan, oso bereizketa bitxia egin dute adituek gizonezkoen eta emakumezkoen artean: kirola egin aurretik sexua praktikatzeak gizonezkoen errendimendua jaitsiaraz dezakeela uste duten aditu horiek kontrakoa diote emakumezkoen kasuan.

Ikerlari horien ustez, gizonezkoak pott eginda eta indarrik gabe geratzen dira sexu jolasen ondoren, eta denbora behar izaten dute gorputza berriro bere onera etor dadin. Aldiz, emakumezkoei kontrakoa gertatzen zaiela diote: energia batzen dutela sexua praktikatuz, eta horrek euren kirol emaitzak hobetzen dituela.

Baina, gizonezkoekin ez bezala, ikerlariek ez dute zehaztasunik ematen emakumeen "arreta" eta "kontzentrazioa" galtzeari buruz. Itxura denez, ikerlari hauen ustez, sexu praktikek ez dute arreta desbideratzeko adina interesik pizten emakumezkoengan. Sinesten zail samarra da, ezta?  

Testosterona eta sexua

Alquilako (Italia) unibertsitatean, azterketa interesgarria egin zuten sexu jolasen eta testosterona mailaren arteko harremanaz. Argi eta garbi frogatu zuten testosteronak gora egiten duela sexua praktikatu eta gero. Emakumezko eta gizonezkoetan, bietan egiten du gora testosteronak.

Testosterona hormona aktibitate handiarekin lo-tzen da, besteak beste. Testosterona altu izateak joera dinamikoagoa eragiten du, eta hortaz, lehiaketetan dabiltzan kirolariei hormona hau altu izatea komeni zaie. Beraz, Alquilako unibertsitateak egindako ikerketaren arabera, sexua praktikatzea kirol errendimendua hobetzeko egokia da.

Bai edo ez?

Beraz, zertaz ari gara? Ikusi dugunez, hainbat teoria daude gai honetan, eta baliteke erantzun bakarra ez izatea. Kontua da gorputzak erreakzio fisiologiko jakin batzuk izaten dituela, baina erreakzio horiek ez direla gorputz guztietan berak izaten. Kontuan hartu behar da gorputz bakoitza bakana eta berezia dela.
Laburbilduz: ez dago kirolari guztientzat gomendio sakrosanturik. Nork bere gorputzean gertatzen diren nahasketa horiek esperimentatzea eta balora-tzea da onena.

Sexua barra-barra

Teoriak era batekoak edo bestekoak izan, argi dago goi mailako kirolariek sexua praktikatzen dutela, eta asko, gainera. Olinpiar Jokoen antolatzaileek preserbagailuak eta lubrikanteak banatu ohi dituzte kirolarien artean. 2000. urteko Sidneyko Olinpiar Jokoen hasieran, adibidez, hiruna preserbagailu eman zizkieten kirolariei, baina berehala, gehiago banatu behar izan zituzten. 2004ko Atenasko jokoetan, 130.000 preserbagailu eta 30.0000 lubrikante banatu zituzten 17.000 kirolarien artean.   

Goi mailara joan gabe ere, begibistakoa da kirola egitea lagungarri dela estresa eta tentsioak bare-tzeko. Kirolaren bitartez endorfinak askatzen ditugu, eta horrek gure animoa eta umorea hobetzen ditu. Bestalde, gorputzarekiko harremana sakon-tzeko balio digu kirolak. Faktore horien baturak eragin zuzena du sexu praktiken bizipen positiboekin. Beraz, zalantzarik ez dago: kirola eta sexu jolasak bateragarriak dira erabat.