Sex-habiak

Sex-habiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sexhabiak/@@download/image/42p28-1_1367868680.jpg
2004/06/04
erreportajea
Sex-habiak
Jaietan zaude zure maitearekin. Bero-bero zaudete,eta zirri-leku bila zabiltzate. Bilaketa hori errazagoa izan dadin, hona hemen gomendio batzuk.

Etxea izatea luxu bihurtu da gurean. Horrexegatik, askotan, zirriak egiteko lekuak topatzeko buruari eragin behar diogu. Egunerokoan hala izaten da, eta jaietan areago.

Lagunarekin estu-estu dantza egin ondoren,  muxuka hasi eta… piztu da metxa! Horrelakoetan, etxerik ezean, edozein toki da ona: lagunaren autoa, gurasoen biltegia, txosna baten atzealdea, obra batzuk… Burua gehiegi estutu ez dezazun hona hemen gure gomendioak.

Telefono kabina

Eguraldia eskasa denerako, aukerarik onenetakoa da. Ez da leku babestuena, baina, alboetan kartelak egon ohi direnez, kontu pixka batekin ibilita... Beti dago atea zerbaitekin trabatzea. Gainera, postura ugaritan jartzeko aukera ere ematen dute telefono kabinek. Bestelako abantailarik ere badu. Esaterako, nahi izanez gero, bukatu bezain laster taxia deitu ahal izango duzue, bertatik mugitu gabe. Kabinarik aurkitzen ez baduzue, kutxazain automatikora jo dezakezue. Edorta Jimenez idazlearen "Speed gauak" liburuko protagonista Bilboko kutxazain batean bizi zen. Beraz, zergatik ez da zirriak egiteko toki egokia izango? Kabinak baino askoz zabalagoak dira, baina 'Anaia Handiaren' begiekin kontuz ibili.

Komuna

Ez da zirritan egiteko lekurik txukunena, baina asko erabiltzen da —tanga eta kantzontziloak aurkitu izan dituzte inoiz komunetan—. Tabernetako komunak zikin samar egon ohi dira jaietan, baina kalean ipintzen direnak baino askoz ere garbiagoak dira. Gainera, hainbat tabernatako komunetan 'txanoak' saltzeko makinak badaude, eta beraz, bila ibili beharrik ez. Leku 'diskretoa' ere bada, kabina baino gehiago bai, behintzat. Baina, ez dago jokoan asko luzatzerik, ilara luzeak izan ohi dira festetan eta. 

Igogailua

Igogailua, kabina eta kutxazaina baino toki babestuagoa da. Zuen etxekoetara ez joatea da onena, auzokideekin igogailuaren kontura haserretzeak ez du merezi. Bi pisuen artean geldi dezakezue igogailua. Kontuz, hala ere, alarma botoiarekin. Abantailak? Voyeur-engandik (begiluze) erabat babestuta egongo zarete. Gainera, handia izanez gero, aukera ugari duzue. Hori bai, kontuz zaratarekin.

Betiko klasikoak

Garai batean, erromerien aitzakian, batek baino gehiagok jo ohi zuen belar-meta artera. Belar-meta gutxi geratzen dira gurean, baina, naturak gaur egun ere aukera ugari eskaintzen ditu: hondartza, parkea, belardia…...

Toki bereziagoetara joaten dira batzuk: esaterako, GAZTETXULO-k elizako arkupeetara joan eta apaizak ia harrapatu zuen bikotearen pasartearen berri izan du.

Hala ere, ez da beharrezkoa hainbesteko arriskua hartzea. Jaietan zirrietan egiteko lekurik onena? Taula azpian: inork gutxik begiratzen du azpira, berdin du eguraldi ona ala txarra izan, eta jolasean ari zaren bitartean, musika edo bertsoak entzuteko aukera izango duzu. Ezetz egin!

Ez ligatzeko estrategiak



Behin eta berriro entzuten dugu Euskal Herrian ligatzea ezinezkoa dela, hau eta bestea… Susmoa dugu, hala ere, kexatien artaldea izugarri hedatzen ari dela. Gure ustez, ordea, ez dago dudarik: Euskal Herriko jaiak leku ona dira ligatzeko. Horregatik, ligatu nahi ez baduzu,  hona hemen festez ligatu gabe gozatzeko zenbait aholku:

-Inorekin ez hitz egin (koadrilako pare batekin izan ezik, eta haiekin ere…argi ibili!). Ez ezazu dantza egin (ez da zuretzat zaila izango, mutila bazara, batez ere; Terminator-en plantak egin eta kitto).

-Norbait hurbiltzen bazaizu, asmo txarrez, bidal ezazu pikutara bi alditan pentsatu gabe.

-Hanka sartu baduzu eta, zoritxarrez, norbaitekin hizketan hasi bazara, hitz polit pare bat esan: "Argaldu egin beharko zenuke", "Gero eta ile gutxiago duzu buruan

-Sexu jolas "arraroenetara" gonbidatzea ere estrategia ona izan daiteke. Baina, kontuz, ezusteko ederra har dezakezu-eta….

-Eta biderik errazena eta eraginkorrena: mozkortzea eta barra gainean lo geratzea. Ez zaizu inor etorriko, lasai. Ezta koadrilakoak ere.

Kondoirik gabe?


Durex preserbatibo enpresak sexu ohiturei buruzko ikerketa egiten du urtero, internet bidez, mundu osoko 22 herrialdetako 16 eta 30 urteko gazteen artean. Iazko ikerketak argitu zuenez, gezurra da udan 'txano' gehiago saltzen direla. Hala ere, estatistiken eta adituen arabera, jendeak udan txortan gehiago egiten du. Udan, esaterako, beste urtaroetan baino emakume gehiago geratzen da haurdun. Alicia Ortega Durex enpresako kidearen hitzetan, "udan txortan gehiago egiten bada, babesik gabe egiten da". Ohitura txarra, oso txarra. Eta txarra baino, arriskutsua.

Bestalde, ikerketa berak dioenez, gizakiak 139 alditan larrutan egiten du, batez beste, urtean. Hungariarrak omen diurra sexu kontuetan beroenak. Izan ere, urtean, 152 alditan egiten dute. Berriz, Singapurrekoak dira hotzenak: urtean 96 alditan.