Sex Bomb

Sex Bomb https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sex-bomb/@@download/image/19p26-1_1369943448.jpg
2002/05/03
erreportajea
Sex Bomb
Gozatzea eta plazerra ematea. Horra hor sexuaren "sekretua". Sex bomb-a izan nahi al duzu?

Kontua ez da txapelketa bat antolatzea. Izan ere, gozatzeko oztopo nagusietako bat horixe izaten baita, sexua gainditu beharreko azterketa balitz bezala ikustea, alegia. Azterketa bakarrak ikastolakoak dira, eta buruhauste nahikoa ematen dute. Beraz, ez ezazu beste azterketarik bizkarreratu! Hala ere, denoi gustatzen zaigu sexuaz gozatzea eta neska edo mutil lagunak ere gurekin ezinhobeto pasatzea, ezta? Zer egin behar da benetako sex bomb-a izateko? Formula honakoa da: probatzea+ikastea+irudimena+komunikazioa.

Gorputza ondo ezagutu

Sexua ahalik eta gozagarriena izan dadin, nork bere gorputza ongi ezagutu behar du. Masturbazioak oso prentsa txarra izan du, gaiztoen artean gaiztoena izan da askoren ustez, baina hala ere, baliagarria da zerk berotzen gaituen edo zer atsegin dugun jakiteko. Hori bezain garrantzitsua da, bestalde, lagunaren gorputza behar bezala ezagutzea. Horregatik, sexu jolasetan probatu eta ikasi egin behar da: mutil/neska lagunari hemen edo han laztan egin edo musua emanez gero, sutan balego bezala jartzen dela ikasi eta noski, hurrengoan errepikatuko dugu. Sex bomb-a etengabe ikasten ari da eta jakina, ez da harrokerietan ibiltzen, beti ikasi beharrean dago eta.

Hamaika jolas

Ildo honetatik, probatu eta probatu egin behar da. Sexuaren etsai nagusietako bat beti jolas berak egitea da. Koitoa, larrutan egitea oso ongi dago, baina badira beste hamaika gauza: zirriak, elkar masturbatzea, aho bidezko sexua… Jolasok "lehen platera" izan daitezke (eta larrua jotzea bigarrena), baina baita "menu osoa" ere. Txortan egitea bezain gozagarriak baitira! Eta "lehen" platera direnean, luzeak izan daitezela! Sex bomb-ak badaki sexua ez dela korrika eta presaka egin behar eta zenbat eta tarte handiagoa eskaini, orduan eta gozagarriagoa izaten dela sexu saioa. Ez ahaztu, bestalde, larrua jotzeko ere jarrera ugari daudela.

Sexulekuak

Beraz, irudimena funtsezkoa da sexuan. Jolasak bezala, jolaslekuak ere ugariak dira. Ohea erosoa eta tradizionala da, baina dena den, beste aukera batzuk ere badira. Etxean bertan, sukaldea edo dutxa. Eta ausartagoa izanez gero, hondartza, mendia… Berrikuntzak sartu behar dira tarteka. Sexu saioa ere girotu egin behar da: jantziak, musika, argiztapena, usaindun kandelatxo batzuk… lagungarriak izan daitezke gozoago egon gaitezen. Hasi baino lehen, bestalde, erlaxatzea komeni da eta esaterako, dutxa edo bainotxo bat har daiteke… elkarrekin, agian. Finean, sexu saioaren ingurukoak zaindu behar dira. Sexologo gehienen arabera, sexu harreman gozagarri baten funtsa ez da orgasmo kopurua. Kontuan har ezazu, izan ere, orgasmoak segundu gutxi batzuk baino ez dituela irauten. Horrexegatik, orgasmora iritsi baino lehen egindako jolas guztiek, sexu harremanaren aurretik sortutako giroak eta orgasmoaren ondorengoak egiten dute benetan gozagarri sexu saio bat.

Hitz egin

Eginaren eginaz ikasten da sexua ondo egiten… eta baita hizketan ere. Komunikazioan dago sexuaren gakoa: zer gustatzen zaigun adierazi behar da, zer ez, lotsarik gabe mintzatu beharra dago… Mutil edo neska lagunarekin ongi moldatzea ere, biak elkarrekin pozik egotea, oinarrizkoa da: bien artean bestelako arazoak badaude, ziur horrek eragin kaltegarria izango duela sexu harremanetan.

Astean behin edo bitan



Txinpanze batek 135 alditan txortan egiten du urtean, lehoi batek 500 alditan… eta gizakiak, batez beste, 80 bat alditan, hau da, 1,5 sexu harreman izaten ditu astean. Halaxe dio Durex preserbagailu enpresak egindako ikerketa batek. Ikerketak bestelako datu bitxiak ere utzi dizkigu. Herrialdeka, Ameriketako Estatu Batuetako biztanleek larrutan egiten dute gehien: batez beste, 132 alditan urtean. Errusiarrak eta frantziarrak ere ez dira atzean geratzen eta 120tik gora sexu harreman izaten dituzte urtean. Beste muturrean txinatarrak eta japoniarrak daude, 70etik behera. Eta euskaldunok? Euskaldunok ez dugu estaturik eta Durex enpresak ez gaitu kontuan hartu. Pena da, mundu osoko batez bestekoa ikaragarri igoaraziko genukeelako. Ala jaitsiarazi?

Sexua: usteak erdi ustel



Sexuari buruz hamaika mito daude. Sexuaz goza dezagun eta batik bat, lagunak gurekin primeran pasa dezan, ezaugarri fisiko jakin batzuk izan edo auskalo zein balentria egin behar omen dugu.

Lehenik eta behin, ditxosozko zentimetroak. Mutilen betiko kezka. Egia esan, eztabaida hau aspergarri samarra da. Mutil batzuk, ordea, ez dira oraindik ohartu zakilaren tamainak ez duela inongo zerikusirik lagunaren plazerrarekin. Zenbat alditan esan behar dugu? Sexologoen arabera, emakumeak aluaren lehen lau zentimetrotan sentitzen du plazerra. Hortaz, ez da beharrezkoa 25 zentimetroko bananatzarra izatea.

Zenbakiekin jarraituz, sexuaren mundua zenbaitek matematikekin nahasten baitute, orgasmoei helduko diegu. Antza, sexu saio zoragarri bat pasatzeko, orgasmoak segunduka izan behar ditugu, eta ahal bezain ozenak, noski, hau da, bizilagunek zertan ari garen jakin behar dute. Sexologoak, aldiz, asper-asper eginda daude esateaz kopurua baino garrantzitsuagoa dela “kalitatea”. Eta “aaaa”, “ooooo”, “uuuuuu”…. eta gainerako bokalak ingeles klaseetan entzungo dituzu inon baino ozenago.

Bestalde, zenbaitek uste dute, benetako sex bomb-a izateko, ohea anbulategi bihurtu behar dutela. Hau da, zortzi orduko lan eguna, jendeari hitzordua jarri eta… “etor daitezela den-denak, bata bestearen atzetik ´osabidea` jasotzera!” . Sendagile batzuek, ordea, osabide bakarra dute, eta eskarmentu handikoak diren arren, ez dira oraindik konturatu botikak ez duela orain arte inor sendatu.

Sexua, osasungarria



-Hainbat ikerketen arabera, sexua egiteak zahartzaroa atzeratzen du. Izan ere, sexuak ondorio onak ditu gorputzean. Hemen dituzue haietako batzuk.
-Odola azkarrago mugitzen da, eta oxigeno gehiago hartzen du.Larruazala leundu eta aberastu egiten du.
-Giharrak sendotzen ditu. Txortan egiterakoan, gihar asko mugitzen dira, eta besteak beste, ipurmasailak, hankak edota sabelaldea indartu egiten dira.
-Hezurrak gogortzen dira, estrogeno (emakumeen artean) eta testosterona (gizonen artean) hormona gehiago ekoizten baitira.
-Hainbat min arindu ditzake: burukoa, bizkarrekoa, hilekoak eragindakoa…Kolesterola orekatzen du.
-Ona da bihotzerako: arteriak zabaldu egiten dira eta oxigeno gehiago hartzen dute. -Psikologikoki onuragarria da: sexuak autoestimua igoarazten du eta antidepresiboa da.