Serifalaris, diseinu eta ikusizko kulturaren jaialdia

Serifalaris, diseinu eta ikusizko kulturaren jaialdia Jaialdia diseinuaren eta sormenaren erreferente sendo bilakatu da estatuan, eta ateak ireki dizkio nazioarteari. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/serifalaris-diseinu-eta-ikusizko-kulturaren-jaialdia/@@download/image/Marina_Peio_02.jpg
2022/03/29

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Jaialdia diseinuaren eta sormenaren erreferente sendo bilakatu da estatuan, eta ateak ireki dizkio nazioarteari.
Serifalaris, diseinu eta ikusizko kulturaren jaialdia

Apirilaren 1ean eta 2an egingo da Muxikebarrin (Getxo, Bizkaia), eta sektoreko punta-puntako egileak bilduko ditu, nazioarteko bi estudio barne. Hitzaldiak ere egongo dira. Ziur bertaratzen direnak ez direla damutuko.

Serifalarisek
, Getxoko (Bizkaia) diseinu eta ikusizko kulturaren jaialdiak, 10 urte bete ditu, estatuko diseinuaren eta sormenaren sektorearentzat erreferente izaten jarraitzeko asmo sendoz. Apirilaren 1ean eta 2an itzuliko da ekimena Muxikebarri Arte, Kultura eta Biltzarren Zentrora. Edizio indartsu eta anitza izango da, ustekabez betea, eta sektoreko punta-puntako egileen hitzaldiak bilduko ditu, nazioarteko bi estudiorenak barne.

Serifalarisek 2021eko irailaren ekin zion bere hamargarren urtemugako egitarauari. Lehenbizi, zenbait bizipen klandestino proposatu zituen, eta horietarako sarrera guztiak saldu ziren; azaroa eta urtarrila artean, berriz, mentoretza-programa berritzailea egin zen; eta apirilaren 1ean eta 2an emango zaio amaiera ibilbide horri.

Jaialdian egongo dira, besteak beste, Pepe Gimeno, 2020ko Diseinu Sari Nazionalaren irabazlea; Txema Salvans argazkilaria Perfect Day-ren egilea; 15 urteko lan artistiko eta dokumentala, Mediterraneoko kostaldeko ingurune degradatuetako aisialdiari buruzkoa; Relajaelcoco branding estetikoko estudioa; eta emakumezko diseinatzaile ugari, horien artean Genie Espinosa, diseinatzailea, ilustratzailea eta komikien egilea Hoops, fantasia distopiko, feminista post millenial sariduna; Inma Bermúdez diseinatzailea, besteak beste IKEAren eta Lladróren kolaboratzailea; Nuria Vila, lan-prozesuetan jasangarritasunarekin eta ingurumenarekin konprometitua; eta Rebeka Arce, etorkizun oparoko bilbotar diseinatzaile gaztea, eta ZINEBI edo Getxophotorentzako zenbait kanpainaren egilea. Holandatik Trapped un Suburbia estudioaren arduradunak etorriko dira, diseinuaren Harry Potterrak goitizenez ezagunak; baita KesselsKramer agentziarenak ere. 

Hamargarren edizio honetarako, Serifalarisek aurreko edizioetako ahotsetako batzuk ekarri nahi izan ditu berriro. Jolasteko gogoz, sare sozialetan dituen jarraitzaileei utzi zien hautaketa egiten, eta haiek Javier Jaénen alde bozkatu zuten. Almodovarren Madres Paralelas filmerako egin zuen kartelak saria lortu zuen Feroz Sarien 9. edizioan, 2022an, eta 2021eko abuztuan polemika sortu zen hura zela-eta, Facebookek zentsuratu egin baitzuen. 2020an, Forbes aldizkariak sormen handieneko 100 espainiarren artean sartu zuen Jaén. 

 

Serifalarisen arduradunek hitz eman dute “ustekabeak eta jaialdi amaiera oso berezia” egongo direla, jarraitzaileei gustatzen zaien bezala. “Diseinuaren etorkizunari begiratuko diogu, eta lanbidea ospatuko dugu, baita jaialdiaren hamar urteak ere, diseinuaren eta sormenaren inguruan komunitate sendo bat eratzea lortu baitu, Euskal Herrian eta bertatik kanpo ere".

Sarrerak salgai daude dagoeneko, jaialdiaren webgunean (serifalaris.com); bi eguneko pack-aren salneurria 70 eurokoa da, eta egun bakarrekoarena, 40 eurokoa. 

Serifalaris diseinuaren eta sormenaren profesionalentzako urteroko topaketa da, Marina Goñi eta Freskue estudioek antolatua (azken horren buru Peio Atxalandabaso da). 2011tik, haziz joan da Serifalarisen hizlari eta ikus-entzuleen kopurua. Espainiar Estatu osotik etortzen dira, eta gogoko dute hitzordu honen nortasun nabaria. 2020an, Getxoko auto-zineman egin zen pandemiaren edizioa, Odette ekaitzak ere hitzorduarekin bat egin zuen arren.  “Diseinatzaileek diseinatzaileentzat antolatutako ekimena da Serifalaris, eta, horri esker, urtero-urtero etortzen direnen premiekin eta gustuekin bat egiten dugu. Horrek bereizten gaitu mota honetako beste topaketa batzuetatik, eta erreferentziazko hitzordu gisa finkatzen gaitu, halakoak iraupen laburrekoak izan ohi diren sektore batean”, azaldu dute antolatzaileek.