Señor No akustikoena

Señor No akustikoena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/senor-no-akustikoena/@@download/image/57p13-1.jpg
2005/11/04
erreportajea
Julen Azpitarte
Señor No akustikoena
Señor no rock and roll laukoteak "señor si" izeneko diskoa argitaratu berri du Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin. Donostiarren bosgarren diskoa da, eta iazko maitzaren 15ean Donostiako Bukowski tabernan grabaturiko zuzeneko akustikoa dakar. Diskoan taldearen alderik lasaiena ageri da, ohiko intentsitatea baztertu barik.

Mikel gitarra-jotzaileak dioenez, oso pozik daude emaitzarekin, "Gaztelupeko Hotsak lan ona egiten ari da, haiei esker promozio lan handia egiten ari gara". Disko berria kaleratzeaz gain, taldea Europan barrena ibili da kontzertuak eskaintzen. Irailaren 30ean Amsterdam aldera jo zuten, eta urriaren 19an itzuli ziren Donostiara. Guztira, dozena bat kontzertu ingurueskaini, eta lau herrialde bisitatu zituzten: Holanda, Alemania, Frantzia eta Austria.

"Señor si" izeneko lan akustiko honek taldearen disko guztietako kantuak dakartza. Hala ere, berritasun batzuk ere badira. Batetik rhythm and blues tankerako hiru konposizio daude, "Algo que recordar" eta bi instrumental -"Chinaski" eta "Bukowski"-. Bestetik, John Mayall mitikoaren "Crawling up Hill"-en bertsioa dakar dikoak.

Kantuok jada aurkeztuak zituten Euskal Herriko zenbait plazatan, eta Mikelek esan digunaren arabera, oso eroso sentitzen dira formatu akustikoan: "Akustikoan izugarri gozatzen dugu, eta bolumena ere asko jaisten da. Hortaz, kantuen xehetasunak gehiago nabarmentzen dira. Soinu elektrikoak noizean behin ekartzen duen zurrunbilo hori sahiestea lortzen dugu", azpimarratu du Mikelek. Ez hori bakarrik, giro akustiko horri esker, Xabi abeslariaren hitz bikainek eta abesteko modu pertsonalak dimentsio berria hartzen dute.

Europan barrena

Europan barrena eman dituzte kontzertuak, aldiz, elektronikoak izan dira. Taldean hainbat formazio  aldaketa izan ondoren, honako hauek sartu dira furgonetan: Xabi gitarra-jotzailea eta abeslaria (La Perrera taldean aritua), Mikel gitarra-jotzailea (Teen dogs/Safety Pins), Unai baxu-jotzailea (Astrozombies), eta Guanche bateria-jotzailea (Teen dogs /Vicent Von Reberb/Safety Pins). "Biraren helburua ongi pasatzea izan da, eta gure produktuakanpoan ezagutaraztea", nabarmendu du Mikelek. Donostiarrek euskal labeldun talde birekin aritu ziren Europako zenbait kontzertutan: Tolosako Lobo Electricorekin Holandan, eta Arrasateko Deskontrol taldearekin, Alemanian eta Austrian. Azkenik, aipatu  taldeak webgune berria sortu duela: www.srno.net.