Secret Story: Sekretuak, amua

Hamahiru pertsona, etxe batean itxiak, hainbat kamera eta mikrok zainduak, beraien monotonia kontrolatzeko. Ez, ez da Arte edo TVEko animalia dokumentala, TF1eko reallity show kontzeptu berria baizik. Joan den ekainaren 23an hasi zen, eta uda osoan izan dugu gauero-gauero telebistan ikusteko parada.
Laburbilduz, zazpi mutil eta sei neskak sekretu bana dute. Helburua nork bere sekretua gordetzea eta besteena asmatzea da. Horra, berrikuntza. Noski, publikoak sekretu guziak dakizki. Badakigu, besteak beste, haietako bat transexuala dela eta beste bat martzianoekin harremanean jarri dela.
Kontzeptu berria, bai, baina oinarria, betikoa: hainbat pertsonaren egunerokoa erakutsiz, ikusleen morboa eragitea. Bikotekideen arteko harremanak, negarrak, haserreak, asperdurak... publikoak ez du ezer galtzen eta TF1ek dirutza irabazten du.
Berez, ez dut inoiz ulertu zein helbururekin joaten den jendea horrelako saioetara. Operacion Triunfo edo Star Academy bezalakoetan, kantari izan nahi dutenak dira parte hartzaileak. Baina, hor? Loft Story-n parte hartu zutenek ziotenez, esperientzia berriak ezagutu nahi zituzten. Secret Story programa aise urrunago doa. Ez da aski pertsona bat bi hilabete eta erdiz etxe batean itxita atxikitzea, bere intimitatearen barneraino sartzen dira, bere «sekretu» bat argitara emanez nahiz eta ikusi ahal izan dugunez, sekretuetako asko lelokeria hutsak diren!. «Sekretuak sekretu dira kontatzen direlako». Banekien, bai, nik! Programa filosofiko bat berriz ere!
Luze baina irudimentsu

Osasungarria litzateke, noizbait, egunen batean, euskaldunok Goenkale ez den beste zerbait ikusi ahal izatea ETB 1eko gauetan. Euskaraz beste gauza batzuk egitea posible dela frogatzeko bada ere, osasungarria litzateke. Hala ere, Goenkaleko gidoilariek irudimen handia dute sugetzarrarekin jarraitzeko, eta hainbat gazte harrapatuta dituzte. Ez da gutxi.
Sadomasokistak 2007

Sadomasokismoa da Quatro telebista katearen Supermodelos 2007 saioaren oinarria. Batetik, osagai masokista dago, supermodeloak izan nahi duten neska anorexikoak (fisiko eta psikikoak) era guztietako larrutzeak jasateko prest daudelako. Bestetik, sadismo tanto bat behar du, neskak larrutzen dituzten epaihamaikideen txotxolokeriekin gozatzeko. Penagarria.