Scorseseren onena

Scorseseren onena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/scorseseren-onena/@@download/image/75-p69_1363954503.jpg
2007/06/01
erreportajea
Gontzal Agote
Scorseseren onena
Izenburua: Goodfellas (1990)
Zuzendaria: Martin Scorsese
Aktoreak: Ray Liotta, Robert de Niro, Joe Pesci.

Badakit goiko izenburua ez dela irakurle guztien gustukoa izanen, baina GAZTEZULOko editore gorenak emandako aukerari esker, subjektibitatearen oasia da orrialdetxo hau. Hortaz, has dadila eztabaida: film handiak oparitu dizkigu Martin Scorsesek azken 30 urteetan — Taxi Driver, Ragging Bull, The age of innocence...—, baina haien artean, Goodfellas da Martinen maisulana.

The Godfather
mafiaren alde epikoa bada, Scorseseren filmak mafiazaleen psikologia erakusten du: zergatik aukeratu duten "lanbide" horretan aritzea, familia barneko kontuak, kideekiko beldurrak eta mesfidantzak...

Baina honakoa ez da film psikologikoa, justu kontrakoa baizik: erabateko zinema da Scorsesek egindakoa. Mota guztietako musika doinuak lagunduta, erritmo ero batean darama pelikula osoa, ikusleari segundo bakar batez atsedenik eskaini gabe. Eta hori 148 minutuz.

Horren adibiderik garbiena, zinemako sekuentziarik espidikoena da. Hainbat drogaren eraginpean, erlojuaren kontrako lasterketa zoroan arituko da Ray Liotta, egunoroko eginbeharrak betetzeko: arma batzuk saldu, anaia ospitalera eraman, maitalea bisitatu, droga fardelak prestatu, familia osoarentzat jana prestatu... Hori dela eta, batetik bestera ibiliko da korrika batean, betiere zerura begira, helikoptero baten bila. Erritmoari eta montajeari buruzko lezio antologikoa.

Baina ez da hori bakarrik; horrelako gehiago ere baditu film honek. Tokiak behartuta, bi aipamen besterik ez: Liotta, De Niro eta Pesci, azken honen amaren etxean afaltzen ari direnean, eta, bestalde, klubean sartzeko bikote protagonistak egindako bidea, travelling ezinezko batean planifikatuta.

Urteak pasatu ondoren, Goodfellas-en balioa handitu baino ez da egin. Filma berriro ikusitakoan, argi dago Tarantinok ideia mordoa lapurtu zuela film honetatik, Pulp fiction-en erabiltzeko. Bere garaian, ordea, Oscar sari garrantzitsurik ez zuen lortu —Joe Pescik bigarren mailako aktorearena eskuratu zuen—, eta aurtengoak ezin du orduko injustizia estali.