Sarea zulatu dugu

Sarea zulatu dugu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sarea-zulatu-dugu/@@download/image/74-p14web1_1364244186.jpg
2007/05/04
erreportajea
Gaztezulo
Sarea zulatu dugu
Bai, zuloa egin diogu sareari. www.gaztezulo.com. sortu dugu. Webgunean informazio asko izango duzue eskura, baina, batez ere, zuek izango zarete protagonistak; zuen zuloa da. atal berezi eta berritzaile asko ditu. Sartu.  

Gaztezulo aldizkaria berrituta etorri zen joan den hilabetean. Eta orain, maiatzean, webgunearen txanda da; www.gaztezulo.com martxan da. Sartu eta dastatu.

Gaztezulo aldizkaria, eta gaztezulo.com. Bi errealitate, eta bi bide. Independenteak, baina elkarren osagarriak. Ama-alaba baino gehiago, ahizpak. Nor bere izaerarekin, bere dinamikarekin, baina familia berekoak. Zulozaleon familiakoak.

Webgunearen oinarri nagusia parte hartzea da. Antzeko kezkak edo zaletasunak dituzten gazteekin hitz egiteko, aholkua eskatzeko edo emateko, zalantzak argitzeko, unibertsitateko apunteak trukatzeko, beste gazte batzuekin planak egiteko, jendea ezagutzeko, deialdiak egiteko, etxebizitza bilatzeko, bizikleta salgai jartzeko… Ezinkonta ahala aukera duzue, beraz. Protagonistak zuek zarete. Zuon zuloa da gaztezulo.com, eta zuek erabakiko duzue tresna zertarako erabili. Zer dakar, zehatz mehatz, gaztezulo.com-ek?

· Orain arteko edukiak.
Gogoan al duzu duela urtebete Euskal Herriko kobazuloei buruz argitaratutako erreportajea? Eta Iruñeko musika egoerari buruzkoa? Eta Pou anaia gasteiztarrei egindako elkarrizketa? Berriro irakurri nahi al dituzu? gaztezulo.com-en topatuko dituzu. Hiru horiek… eta aldizkari honek zazpi urtetan kaleratutako artikulu guzti-guztiak. Tentagarria, ezta?  

· Disko kritikak.
Aldizkariak argitaratutako disko kritika guztiak dituzu: 500dik gora. Taldearen, diskoaren, kritika egilearen eta argitaratzen dataren arabera bila ditzakezu. Musika kontuetan irizpidea osatzeko lagungarria.

· Etxean DVDan ikustekoak.
Jo dezagun etxean zaudela goxo-goxo; eguraldi petral samarra dago eta bideoklubean film bat hartzea pentsatu duzu. Zein hartu? gaztezulo.com-ek aukeratzen lagunduko dizu. Azken zazpi urteetan zinema aretoetan ikusgai egondako filmei buruzko iritziak baitaude bertan; filma zer moduzkoa den, zer istorio kontatzen duen, nortzuk diren aktoreak eta zuzendariak… 500 bat film guztira. Eta horrez gainera, karteldegiko filmeen puntuazioa, datozen filmeei buruzko informazioa, aktore ezagunenen profila… Zinema munduak garrantzi handia du webgunean. Pantaila handiaren aurrean bezain gustura egon zaitezen etxean.

· Zalantzak.
Beste tentazio bat: galdetzea eta zalantzak argitzea. Sexuaz eta Internetez. Aukera hori ere emango dizu Gaztezuloren webguneak. Zuek zalantzak bidali, eta Larraitz Arando sexologoak eta Gorka Julio Interneten adituak argitu egingo dizkizuete.

· Parrandan ibiltzeko….
Nora joan nahi duzu asteburuan parrandan? Berara? Elorriora? Portugaletera? Basaurira? Laudiora? Oiartzunera? Baionara? Aldez aurretik gaztezulo.com-en sartu-irtena egitea eta herri horretan nolako giroa dagoen eta derrigorrez zein tabernatara joan behar duzun—edo nora ez duzun inola ere joan behar…— begiratzea komeni zaizu. Lehen aipatutako herrietako eta beste hamaika herritako parranda gida polita topatuko duzu.

· …hitzordua egin ezazu!
Dena dela, juergasmoan ibiltzeko, bertako jendeak egingo dizu ondoen gidari lana. Horregatik, zergatik ez duzu hitzordua egiten bertako gazteren batekin? gaztezulo.com-en beste gazte batzuekin harremanean jar zaitezke. Parrandan ibiltzeko, edo beste plan mota bat egiteko, noski. Webgunea udako festa sorta luzearen atarian abian jarri dugu. Demagun, beraz, Lesakako sanferminetara joan nahi duzula: webgunean proposamena egin ahal izango duzu, eta beharbada, lesakarren batek erantzungo dizu eta hitzordua jarriko duzue. Eta agian, beste gazte batzuk ere animatu egingo dira —bizkaitarren bat, lapurtarren bat…— eta denon artean Lesaka erre egingo duzue. Hori bai tentazioa…

· Apunteak, lanak eta abar.
Unibertsitarioei ere lagundu nahi dizue Gaztezulok. Alferrikako lana egin ez dezazuen, batik bat. Ikasi bai baina atalean unibertsitateko apunteak, lanak eta antzekoak zintzilik jarri eta har ditzakezue. Azterketetan irakasleek hori gehiegi ez nabaritzea, zuen esku, noski.

· Harpidedunentzako abantailak.
Gaztezulo aldizkariaren harpidedunok zulo berezia izango duzue Etxekoak izeneko atalean; zozketak, zuentzako albisteak, iradokizunak egiteko aukera…

· Eta beste hamaika kontu.
Agenda; gela edo etxebizitza bilatzeko aukera; saltzeko, erosteko edo trukatzeko tokia; argazkiak jartzeko aukera….

Hala ere, guk webgunea nolakoa den kontatzea baino ez al da hobea zerorrek deskubritzea? Sar zaitez, bada, gaztezulo.com-en! Oraintxe.