Sare sozialak, animaliak erreskatatzeko lagungarri

Sare sozialak, animaliak erreskatatzeko lagungarri Internetek bigarren aukera eskaintzen die aukerarik ez dutenei. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sare-sozialak-animaliak-erreskatatzeko-lagungarri/@@download/image/32510984-b73e-4f1d-9f24-7895adc0e5d7_750x422.jpg
2019/08/26

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Internetek bigarren aukera eskaintzen die aukerarik ez dutenei.
Sare sozialak, animaliak erreskatatzeko lagungarri

Asko hitz egiten da sare sozialen eragin negatiboez, baina noizbehinka albiste onak ere badira. Hain zuzen, abandonatutako animaliek etxe berri bat topatzeko aukera gehiago dituzte Interneti esker. Gainera, sare sozialek adopzioaz kontzientzia zabaltzeko funtzioa ere betetzen dute. Protektora txikiek dirua xahutu beharrik gabe adopzioan dituzten animalien inguruko informazioa zabaltzeko aukera dute sare sozialei esker. Baina, guzti hori eskura izanda, gehiago adoptatzen al dugu?

Egunero topatzen ditugu gure sareetan "egoera larria" bizi duen txakur edo katu baten kasua. Animaliaren argazkiak "atsegin dut" eta mezu pila jasotzen ditu eta zabalkunde handia lortzen du. Baina, azkenean inork eramaten al du etxera? Protektoren esanetan, "burbuila efektua" bizi dute; hain zuzen, animaliren baten argazkia zabaltzen hasten denean, lehen kolpean mezu pila jasotzen dituzte, baina luzera adopziorako benetako interesa dutenak gutxi dira. Datuen arabera, haiekin kontaktuan jartzen diren erabiltzaile guztien %3 dira azkenean adoptatzera animatzen direnak. 

Hala eta guztiz ere, eta adopatzen amaitzen dutenen kopurua txikia bada ere, protektorek eskertzen dute sare sozialen bitartez lortzen duten zabalkundea. Facebook da difusio mezuen erregea, eta azkenaldian geroz eta arrakasta handiagoa du ere Instagramek. Baina zabalkunde handiak ez du beti adopziorako arrakasta bermatzen, eta beste arazo bati aurre egin behar diote adoptatzeko asmoa duten erabiltzaileek: distantzia. Kasu askotan, animalien argazkiek mugak zeharkatzen dituzte, eta interesa pizten dute beste herrialdeetan.