Sarako Idazleen Biltzarra datozen egunetan

Sarako Idazleen Biltzarra datozen egunetan Euskal literaturaren eta emakumeen arteko harremana aztertuko dute profesionalen egunean. 'Ikusi Mikusi' haur eta gazte literaturako azoka egingo dute lehen aldiz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sarako-idazleen-biltzarra-datozen-egunetan/@@download/image/Sara Idazle.jpg
2021/10/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskal literaturaren eta emakumeen arteko harremana aztertuko dute profesionalen egunean. 'Ikusi Mikusi' haur eta gazte literaturako azoka egingo dute lehen aldiz.
Sarako Idazleen Biltzarra datozen egunetan

Sarako Idazleen Biltzarraren hogeita hemezortzigarren edizioa egingo dute igandean eta astelehenean. Joan den urtean bezala, atzeratu egin dute udaberriko hitzordua, koronabirusaren pandemiaren ondorioz. Berrikuntzak ere izango ditu, gainera, aurtengo edizioak. 

130 egilek, 19 argitaletxek eta 21 elkartek parte hartuko dute Sarako topaketan. Igandean liburu-aurkezpenak izango dira karpa handian, 10:00etatik 16:30era. Sarrera dohainik izango da, eta aurkezpenak eta mahai-inguruak, aurrez aurre ez ezik, Kanaldude-ren bitartez ere jarraitu ahalko dira. Bestetik, karpa txikian, irakurketa musikatuak eskainiko ditu Kiribil konpainiak, 10:30ean, 11:30ean eta 16:00etan. Jean Aniotzbehere gelan, berriz, idazleak beren lanak saltzen eta sinatzen arituko dira.

Astelehenean, hilak 11, profesionalei zuzendutako egunean, euskal literaturaren eta emakumeen arteko harremana aztertuko dute. Emakume ahotsak euskal literaturan hitzaldia eskainiko du Iratxe Retolaza literatura-kritikari eta Emagin elkarteko kideak. Ondoren, gai feministen argitalpenen inguruko mahai-ingurua izango da Eskafandra eta Lisipe bildumetako eta Katakrak argitaletxeko kideekin, Danele Sarriugartek gidatua. Jarraian, irakurketa antzeztua egingo du Kiribil konpainiak. Arratsaldean, Txakur Gorria kolektiboaren eta Peru Galbeteren Asfaltoa zartatzeko moduak, euskal emakume sortzaileen obran oinarritutako performance artistiko-literarioa, izango da. Azkenik, Euskal idazle eta emazte Ipar Euskal Herrian, zein bizipen? mahai-inguruan parte hartuko dute Maialen Hegi-Lukuk, Marikita Tambourinek, Maddi Ane Txoperenak eta Maddi Zubeldiak. Nora Arbelbide idazle eta liburuzainak gidatuko du saioa. Egitarau osoa sarean deskarga daiteke

Lehenengo aldiz, ez dute idazle bat omenduko, baizik eta Anai Artea elkartea. Horrela, Anai Artea elkartearen mende erdiko ibilbidea goraipatuko dute. 1969an sortu zuten elkartea, besteak beste Pierre Larzabal eta Telesforo Monzonek, euskal errefuxiatuei laguntzeko. Orduz geroztik, betidanik aritu da Euskal Herriak bizi duen gatazkaren berri ematen eta konponbidearen alde lanean.

Osasun agiria eskatuko dute sartzeko, baina ez da aforo mugarik egongo, edukieraz haratago. 

Haur eta gazte literaturaren azoka
Aurten, gainera, Biltzarrak atariko berri bat izango du, eta Ikusi Mikusi haur eta gazte literaturaren azoka egingo dute gaur eta bihar. Gaurko eguna ikastetxeentzat izango da eta biharkoa familientzat. Sarako hainbat txokotan irekiko dituzte karpak 10:00etatik 19:00etara, eta haurrek euskarazko sorkuntzaz gozatzeko aukera izango dute. Ikuskizunak, topaketak, animazio-tailerrak, idazleen hitzaldiak eta bestelakoak izango dira azokan. Gainera, sei urte baino gehiagoko haur eta gaztetxoek 15 euro izango dituzte nahi duten argitaletxeetan dirua baliatzeko. Adin horretatik beherakoentzat 12 eurokoa izango da, eta ZTK argitaletxean soilik eskuratu ahal izango dituzte obrak.

Egitarauko xehetasun guztiak webgunean jaso dituzte. Kasu honetan ere osasun agiria nahitaezkoa izango da.