Sarako Idazleen Biltzarra apirilaren 10ean eta 11n izango da

Sarako Idazleen Biltzarraren 39. edizioa izango da aurtengoa, eta Erramu igandean izango da hitzordua. Publiko orokorrari zabalik egongo da igandean eta astelehenean, hilak 11, profesionalen txanda izango da.
Igandean hainbat hitzaldi eta mahai-inguru izango dira karpan. Marikita Tambourin, Itxaro Borda, Ttale Ouret, Jabier Kaltzakorta, Txomin Peillen, Jean-Louis Davant, eta Leire Arrieta Alberdik euren argitalpenak aurkeztuko dituzte goizean. Eguerdian, Mikel Duvert antropologoak eta Luzien Etxezaharreta idazle eta kazetariak biltzarraren saria jasoko dute. Arratsaldean, Elise Devin, Josu Martinez, Jakes Sarraillet eta Nathalie Jaureguito, Gorka Robles, eta Jacques Ospital arituko dira euren lanez.
Gazte literatura saileko irakurketa musikalak ere izango dira Kiribil konpainiaren eskutik, 11:00etan, 15:00etan, eta 16:00etan, karpa txikian. Idazleekin topaketak Jean Aniotzbehere gelan egingo dituzte. Horretaz gain, Sarako Mediateka 10:30etik 17:00etara egongo da zabalik, karpan handian. Bertan, haurrentzako liburu txokoak izango dira euskarazko eta frantsesezko liburuekin.
Astelehenean, profesionalen egunean, ahozko euskal literatura izango dute hizpide Jean Aniotzbehere gelan. Xabi Paiak Ahozko Euskal Literatura: generoak eta adibideak mintzaldia egingo du 09:30ean. Koldo Mitxelenaren adierazpen horretatik abiatuta, euskal ahozko literaturaren ikuspegi orokorra emango du: definizioa, kronologia, generoak eta adibideak. 11:30ean irakurraldia egingo dute Kiribil konpainiaren eskutik, eta ordubete geroago antolatzaileek eskainitako bazkaria izango da.
Ondoren, 14:00etan, Hitzen ahairea hitzaldi musikatua izango da Gotzon Barandiaran eta Rafa Ruedaren eskutik. Hainbat alderdiren inguruan arituko dira: musikatu izan diren idazleak, euskaltasunak eta euskarak duten karga kantagintzan, emazteen ahotsak, kantatzean animatzen gaituena, gaur egunekoari eta geroari begira. Hautatutako kantu batzuk ere abestuko dituzte.
Azkenik, Par Patxi Urkizuk Sarako Bestak (1864-1885): Lore-Jokoak, bertso-paperak eta laster-koplariak hitzaldia emango du.Anton Abbadiak (1810-1897) antolatu zituen Lore-Jokoak 1851an Urrunan, eta bereziki Saran ospatu ziren 1864tik 1885ra. Garaiko poeta eta bertsolariek hartzen zuten parte. 1879az geroztik, Euskal Herri osora zabaldu ziren, eta saritutako lanak bertso paperetan eta kazetetan hedatzen ziren. Hitzaldian garaiko lore-jokoen afixak, pilota-lekuen margoak, bertso paperak eta idazle-bertsolarien argazkiak aurkeztuko dira.