Sandra Ferrusen 'La Panadera'-k inauguratuko du gaur Erriberriko Antzerki Jaialdia

Sandra Ferrusen 'La Panadera'-k inauguratuko du gaur Erriberriko Antzerki Jaialdia Hogeita bi ikuskizunen emanaldiak izango dira, eta antzerkiaz gain, musika, dantza eta zirku ikuskizunak eskainiko dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sandra-ferrusen-la-panadera-k-inauguratuko-du-gaur-erriberriko-antzerki-jaialdia/@@download/image/erriberri argazki.png
2022/07/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hogeita bi ikuskizunen emanaldiak izango dira, eta antzerkiaz gain, musika, dantza eta zirku ikuskizunak eskainiko dira.
Sandra Ferrusen 'La Panadera'-k inauguratuko du gaur Erriberriko Antzerki Jaialdia

Erriberriko Antzerki Jaialdiak hogeita hirugarren edizioa abiatuko du gaur eta uztailaren 31ra arte diziplina anitzeko programazioa izango da. Ane Pikaza eta Maria Goiricelayaren zuzendaritza artistikoa du jaialdiak estreinako aldiz, eta hogeita bi ikuskizunen hogeita hemezortzi emanaldi izango dira guztira. Parte hartuko duten konpainietatik bederatzi nafarrak izango dira.

Oliteko plazan emango zaio hasiera gaur jaialdiari, 20:00etan, Guillem Albà & La Marabunta-ren Marabunta ikuskizunarekin. Gaueko hamarretan, berriz, Sandra Ferrusek idatzi eta bera aktore duen La panadera antzezlana ikusi ahal izango da La Cavan. 

Bihar, 19:00etan, familiei zuzendutako Ilargiaren atzean ikuskizuna izango da, MalasPulgas Teatro konpainia nafarraren eskutik. La Cavan, berriz, Winnipeg, el barco de Neruda ikuskizuna taularatuko da. Hika Teatroak Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritza duen Josi Alvaradoren La Tarara aurkeztuko du igandean La Cavan. 

Asteburu honetan artista eta prentsa topaketak ere izango dira. Larunbatean, Machus Osinaga eta Daniel Galindo Winnipeg, el barco de Neruda ikuskizunaren taldearekin arituko dira solasean. Igandean, aldiz, Osinaga, Galindo eta Raul Losanez, Agurtzane Intxaurragarekin eta Sandra Ferrusekin elkartuko dira. Topaketetarako sarrera librea izango da, tokiak bete arte.

Datorren astean ere hainbat emanaldi izango dira, tartean Nafarroakoak. Asteartean Cardo Producciones konpainia nafarraren La casa cuartel de Bernarda Alba izango da;  asteazkenean Producciones Maestras-ek Mentiras cotidianas aurkeztuko du; eta ostegunean InExtremis eta Tanttaka-ren El rey tuerto ekoizpena ikusi ahal izango da, Fernando Bernuesek zuzendua. 

Bestalde, asteartetik aurrera, Los numeros imaginarios, Bella Batalla eta Teatro de La Abadia-ren Quijotes y Sanchos emanaldiak izango dira, egunean bi saio, 12:00etan eta 18:00etan. Erriberriko kaleetan audio bidez gidatutako saioak izango dira, walkmana eskuetan hartuta. Hogei pertsonako taldeak osatuko dituzte gehienez, eta sarrera librea izango da kopuru horretara iritsi arte. Turismo bulegotik abiatuko dira.

Bestelako jarduerak ere izango dira. Alde batetik, Paco Gomezek antzezlanen idazketari buruzko lantegia emango du. Beste aldetik, egonaldi artistikoak ere egingo dituzte La Caja Flotante eta Boga Boga talde nafarrek. 

Egitarauari buruzko xehetasun guztiak hemen jaso dituzte.