Saldu gabeko arropa suntsitzea debekatuko du Frantziak

Saldu gabeko arropa suntsitzea debekatuko du Frantziak Petrolioaren ondoren, moda da gehien kutsatzen duen sektorea. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/saldu-gabeko-arropa-suntsitzea-debekatuko-du-frantziak/@@download/image/BuriedInClothing_0.jpg
2019/04/24
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Petrolioaren ondoren, moda da gehien kutsatzen duen sektorea.
Saldu gabeko arropa suntsitzea debekatuko du Frantziak

Fast Fashion edo moda azkarraren garaiek ez diote onik ekarri ingurugiroari. Arropa dendetako eskaintza urtaroka aldatzeari utzi zion aspaldi, eta egun, astero ikusi ditzakegu gauza berriak erakuslehioetan. Baina, zer gertatzen da saltzen ez den arroparekin? Fast fashionaren merkatu bortitzak ezeztatutako arropa tonak suntsitu egiten dira, zaborretan amaituz edo errez. 

Hala, petrolioaren ondoren, gehien kutsatzen duen sektorea bihurtu da modarena. Kapitalismo bortitzak eragindako arazo ekologikoari aurre egiten hasi dira hainbat herrialde, Frantzia kasu; Women's Wear Daily komunikabideak argitaratu duenez, bertako gobernuak lege berri bat jarriko du martxan, arropa enpresek saldu gabeko arropa suntsi dezaten ekiditeko. Lege honen aurreproiektua iaz jaio zen, Edouard Philippe lehen ministroak bultzatuta. 

Eta zergatik suntsitzen du modaren industriak guztiz erabilgarria eta erabat berria den arropa? Antza denez, soberakinak gaizki ikusita daude sektorean, luxuaren eta esklusibotasunaren aurka doazelako, eta era berean, kapitalismo basatiak etengabe eskatzen du arropa ekoizpen berria, gehiegizko ekoizpena eraginez. Hala, iazko udan argitara atera zen Burberry etxearen astakeria: 32 milioi euroko balioa zuen saldu gabeko arropa erre zuen enpresak, eta horrekin batera, 11 milioi euroko baliodun lurrinak suntsitu zituen. Ez da kasu bakarra; H&M enpresari 3.400 milioi euroko baliodun arropa pilatu zitzaion iazko udaberrian, eta zati handi bat zuzenean erretzea erabaki zuen, haserrea eraginez.

Europan hainbat herrialdek salatu dituzte modaren praktika horiek, baina Frantzia da neurri legalak hartu dituen lehena. Alta, Europako Batasunak European Clothing Action Plan ekimena jarri zuen martxan 2015ean, arroparen ekoizpen prozesua kontrolatzeko helburuarekin: materialak, arropa ekoizteko metodoak eta baita birziklapena ere. Zoritxarrez, ekimena motz gelditu da; egun, 500.000  milioi euroko baliodun arropa suntsitzen du modaren sektoreak urte bakar batean. 

 

 

ARTIKULU HAU INTERESATU BAZAIZU:

ARROPA, ERREGAI BIHURTURIK