Saioa Alkaiza irabazle Nafarroako Bertsolari Txapelketan

Saioa Alkaiza irabazle Nafarroako Bertsolari Txapelketan Lehen aldiz finalera iritsita lortu du garaipena, Eneko Lazkozekin izandako buruz burukoaren ostean. Estitxu Arozenak jantzi zion txapela Alkaizari. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/saioa-alkaiza-irabazle-nafarroako-bertsolari-txapelketan/@@download/image/image_large.jpg
2021/11/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Lehen aldiz finalera iritsita lortu du garaipena, Eneko Lazkozekin izandako buruz burukoaren ostean. Estitxu Arozenak jantzi zion txapela Alkaizari.
Saioa Alkaiza irabazle Nafarroako Bertsolari Txapelketan

Kanpoan elurra eta hotza izanagatik, giro beroa izan zen atzo Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala zen jokoan eta entzuleak bertsoak entzun eta gozatzeko gogoz zeuden. Julio Soto EzkurdiaSaioa Alkaiza Guallar,  Eneko Fernandez MaritxalarJoanes Illarregi MarzolEneko Lazkoz MartinezJosu Sanjurjo AltzuriXabat Illarregi Marzoeta Xabier Silveira Etxeberria aritu ziren bertsotan finalean. Lehen zatiko ariketak egin ondoren, Saioa Alkaiza eta Eneko Lazkoz igaro ziren buruz burukora eta puntukako, seiko motzeko, eta kartzelako lanen ondotik, Alkaizak lortu zuen garaipena. 

Estitxu Arozena Albizuk jantzi zion txapela aurtengo irabazleari, eta bereziki une hunkigarria izan zen hura. Izan ere, Arozenarekin hasi zen Alkaiza bertso munduan. Gainera, duela 26 urte, Bertsolari Txapelketa bat irabazitako lehen bertsolari emakumea da Arozena, eta atzoko irabazlea ere finaleko emakume bakarra izan zen, eta diskurtso aldetik ale ederrak eta aberasgarriak utzi zituena. Irabazleari txapela jantzita, bertsolari, bertso irakasle, eragile eta antolatzaile gisara bertsolaritzaren alde egindako lana eskertu nahi izan dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak Arozenari. Arozenak bertsotan alaba bezala hasi eta bertso-ama izatera iritsi zela adierazi zuen, eta "ohorea" izan dela familia hazten ikustea. Alkaizak ere bertso gogoangarria abestu zuen amaierako agurrean, buruan txapela zuela: "Besarkada bat langile/ auzoetako aldera/ erdaldunen seme-alabok/ hor ikasi dugu euskera/ eta mundu bat jaso/ dugu horrekin batera/ euskarak behar du ofiziala/ Lesakatik Cascantera/eta orain musu handi bat/ iraultza den gorputzera/ ez-bitarra, queer-a, transa/ marika eta bollera/mundua ederragoa/ da hurbilduz bazterrera". 

Sailkapenari dagokionez, buruz burukoa jokatuko lehen bi bertsolarien atzetik, Julio Soto, Joanes Illarregi, Xabier Silveira, Xabat Illarregi, Josu Sanjurjo eta Eneko Fernandez geratu ziren, hurrenez hurren. Lehen bost sailkatuek 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukera izango dute. Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da txapelketa horren finala.

Ander Aranburu Arriola izan zen saioaren aurkezlea eta Alaitz Rekondo Ferrero aritu zen gaiak jartzen. Epaimahai lanetan, berriz, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena izan ziren.  

Finaleko edukiak sarean eta telebistan
Finala galdu bazenuen, bertsoaldi onenak ikusgai izango dira Bertsoa.eus sareko plazan. Alkaiza txapeldunari Amaia Goikoetxea kazetariak egindako elkarrizketaren bideoa ere argitaratuko dute asteazkenean eta baita finalaren osteko gainontzeko finalisten hitzak ere. Hitzetik Hortzera telebista saioak Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalak emandako bertsoaldi onenak eta txapeldunaren hitzak bilduko ditu, datorren igandean, 15:00etan, ETB1en.