Saihestu

Gorputza arimaren hilobia dela esaten dute, eta arima kontzeptu gisa zalantzagarria gertatzen bazait ere, pixka bat ados nago. Grafikoagoa izatearren, saihetsak bihotzaren kartzela direla esango nuke, sentimenduen kartzela osatzen duten barroteak direla, alegia. Gizarteratzeko zentroak dira kartzelak, integratzeko baldintzak ikasteko guneak. Kartzelen funtzio soziala ikaragarria da. Beharrezkoak dira. Beharrezkoak, egungo sistema errepresibo eta autoerrepresiboak iraun dezan.
Denok dugu sentitzeko ahalmena. Denok sentitzen dugu euforia, negargura, maitasuna Besterik da, hori guztia sentiarazten edo adierazten dakigun, edo geure buruari sentitzeko baimena ematen diogun. Sentimenduek, egun, ez dute lekurik, barroteen bestaldean ez bada. Ez dute garrantziarik, kudeatzeko eta maneiatzeko gaitasuna da garrantzitsua, intsentsibilizatzen jakitea.
Sentimenduak pentsamendu zurrun eta karratu bilakatzea da integrazioaren gakoa. Sentitu, denok sentitzen baitugu ezberdin, eta pentsatu ere ez, pentsatu ez. Eta zer gertatzen da jauzi horretan? Saihetsak daudela, saihetsak eta kartzelak.
Ez da inor eskandalizatuko kartzelak kontrolaren erresuma direla esaten badut. Eta kontrola boterearen ardatza dela esaten badut ere, ez. Eta gu kontrolatuta gaude. Gizarte honetan jaiotzeagatik biriken inguruan ipini zizkiguten barrote horiengatik, kartzelara joateko beldurragatik, edo kartzelan egoteagatik kontrolatuta gaude. Eta, azkenean, babes gisa ikusten ditugu barroteak. Nahi gabe, buruan sartzen zaigu mesedegarri zaizkigula, nahiak erreprimitzea komeni zaigula, nahi denaren alde egin beharrean ezeren kontra ez egitea egokiagoa dela. Ergelak gu, eta azkarrak hala izatea lortu dutenak.
Sentimenduez era irekiagoan hitz egingo bagenu, era irekiagoan pentsatuko genuke eta tarte gehiago egongo litzateke saihetsetik-saihetsera. Ez ginateke hain ergelak izango, azkarrak direla konturatuko ginatekeelako.
Gehien maite duguna, esentzia, eta gehien balio duena barruan dago. Sentimenduak. Gehien maite ditugunak, gure esentzia, eta gehien balio dutenak barruan daude. Presoak. Aska ditzagun eta aska ditzatela.