Sagardo upel oparoa

Sagardo upel oparoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/sagardo-upel-oparoa/@@download/image/50p20-1.jpg
2005/03/04
erreportajea
Sagardo upel oparoa
Hemen da Sagarrondotik jaialdiaren hirugarren edizioa. Musika kontzertuak, herri kirolak, sagardo mostra… denetarik izango da martxoaren lehen bi astebukaeratan "Sagardoaren lurraldean".

Joan den urteko otsailaren 27 eta 28an, aspaldi ez bezalako elurteak izan ziren Euskal Herri osoan. Egun haietan, elurra mara-mara, oso arriskutsua zen errepidean abiatzea. Horrexegatik, Sagarrondotik jaialdiaren antolatzaileak beldur ibili ziren: azken orduan, urte osoko lana ezerezean geratuko zela zirudien.

"Azkenean, iazkoa ezusteko ederrena izan zen", dioskute Sagarrondotik Jaialdiaren antolatzaileek. "Azken urteotako eguraldirik zakarrena egin arren, milaka lagun hurbildu baitziren musika kontzertuetara eta Euskal Herriko Mostrara".

Izan ere. urtez urte, gero eta ospe handiagoa hartzen ari da Sagarrondotik. "Kontzertuetara eta bestelako ekitaldietara, Euskal Herriko eta atzerriko 8.000 bat lagun etorri ohi dira". Jendetza da, begibistakoa denez.

Sagarrondotik jaialdia S.K.S.Ek (Sagardoaren Kultura Sustatzeko Elkartea) antolatutako kultur ekitaldia da. Sagardoaren Lurraldea deiturikoa da jaialdiaren epizentroa –Gipuzkoako Usurbil, Astigarraga, Hernani eta Urnieta herriak-, eta izenburuak iradokitzen duenez, sagardoaren kultura bultzatzea da xede nagusia. "Sagardoaren kulturaz mintzo garenean, euskaldunon ondareaz ari gara. Sagardoak euskal izatea eta bere adierazpide natural guztiak barneratzen ditu: bertsoa, antzerkia, herri kirolak, musika.... eta euskara, noski".

Jaialdia urte osora zabaldu

Aurtengoa Sagarrondotik jaialdiaren 3. edizioa izango da. Aurreko bi urteekin alderatuta, jauzi handia egin da aurten. Orain arte, astebukaera bakarrean pilatzen ziren ekintza guztiak, baina aurten ekitaldiak urte osora zabaldu dira. "Esaterako, Sagardo Mostra atzeratu egingo da, txotx denboraldia amaitu arte", dioskute antolatzaileek. "Dena den, martxoaren 6an egingo den udalerrien arteko herri-kirol txapelketa ere azpimarratu nahi genuke, urtez urte gero eta arrakasta handiagoa izaten ari da eta".

Zalantzarik gabe, musika kontzertuena da jaialdiaren amu nagusia. "Atzerriko eta Euskal Herriko taldeak ekartzen saiatzen gara, eskaintza zabala osatzeko. Izan ere, urtero herrialde askotako gazteak gerturatzen dira, eta ondo pasatzeaz gain, Euskal Herriko ohiturak eta jendea ezagutzeko aukera dute".

Aurten, musika eskaintza zabala da benetan. Esaterako, Bob Marley kantari mitikoarekin oholtzakide izandako The Wailers jamaikarrak ariko dira. "Europara egingo duten azken bisita izango da: galdu ezineko hitzordua da, beraz. Marea taldeak ere, hemen emango du aurten Euskal Herrian eskainiko duen azken kontzertua".

Kontzertuak eta bestelako ekitaldiak



KONTZERTUAK
Martxoak 4, Hernanin, 22:00etan
-The Wailers
-Def con Dos
-Martires del Compás
-Barricada

Martxoak 5, Hernanin, 21:00etan
-Marea
-Kauta
-Berri Txarrak
-Bebe

BESTELAKO EKITALDIAK
Martxoak 6, Urnieta, 11.30etatik aurrera
-Sagardoaren jaia, talogileak, bertsolariak eta herri kirolak izango dira, besteak beste.

Martxoak 12, Astigarragako “Oialume” dantzalekuan
“Txootx!” dantza, bertso eta musika ikuskizuna