Ruth Linaza: "Sokatira ez da soilik euskal kirola"

Ruth Linaza: "Sokatira ez da soilik euskal kirola" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ruth-linaza-quotsokatira-ez-da-soilik-euskal-kirola/@@download/image/ruth_linaza_1_1361530352.jpg
2013/03/04
elkarrizketa
Ruth Linaza: "Sokatira ez da soilik euskal kirola"
Lemoakoak 29 urte ditu, eta Gasteizko Badaiotz sokatira taldeko kidea da. Bertara ikastera joan zenean lagun batek trontza probatzeko esan zion, eta Bizkaiko nahiz Euskal Herriko txapelak irabazi ostean, entrenatzailearen gomendioz hasi zen sokatiran. Kasik hamar urte geroago, dominaz beteta ditu etxeko apalak.


Oso kirolari gutxik esan dezakete munduko txapeldunak direla, eta are gutxiagok hainbat urtetan eskuratu dutela garaipena!

Badaiotzek 2002an irabazi zuen lehen aldiz Munduko Sokatira Txapelketa Corken, Irlandan, pisu handian nahiz txikian. Nik 2004an Glasgowen, Eskozian, antolatu zuten txapelketan hartu nuen parte lehen aldiz, eta urre biak lortu genituen. 2008an, 2010ean eta iaz Perthen, Eskozian, ere hainbat eskuratu genituen… Orotara urrezko sei eta zilarrezko hiru domina lortu ditu taldeak munduko txapelketetan, ez da marka txarra!

Sokatira herri kirola da gurean, baina beste hainbat lekutan ere praktikatzen dute.
Bai, askok uste dute euskal kirola dela, baina munduan oso zabalduta dago. Kontinente guztietako taldeen aurka lehiatu izan gara: Australia, Hegoafrika, Txina, Taiwan, Japonia, Herbehereak, Suitza, Suedia edota Eskozia, eta esan beharra dago, egun, andrazkoen kategorian Ekialde Urruneko taldeak direla nagusi, dudarik gabe.

Euskal Herriak ez du selekzio mailan parte hartzen, zuek Badaiotz taldearen izenean lehiatzen zarete.
Ez, zoritxarrez ez dago euskal selekzio gisa parte hartzeko aukerarik oraindik, talde mailako txapelketan parte hartu izan dugu. Ez dakit potentzia handienei irabazteko gai izango ginatekeen, baina egia da talde eta nazio mailan parte hartzen duten ekipoak kide berberekin aritzen direla bi txapelketetan… Beraz, euskal selekzioaren utopia errealitate balitz, ahalegin guztiak egingo genituzke Munduko Txapelketa irabazteko!

Historikoki gizonezkoen kirola izanagatik, nola hartu zaituztete? Jaso al duzue sekula begirada txarrik, komentario ezegokirik?
Nik ez ditut zuzeneko komentario eta egoera matxistak bizi izan, baina, argi dago, emakumeen lorpenak eta lanak ez direla berdin tratatzen eta erakusten; askoz oihartzun handiagoa du gizonezkoen urre batek, andrazkoenak baino. Kirol guztietan gertatzen da, eta are gehiago gutxiengoa duten kirolen kasuan. Mundial bat irabazi izana eta herrian gehienek ezertxo ere ez jakitea lotsagarria iruditzen zait!

Zuek 500 kiloko kategorian aritzen zarete, baina zein beste kategoria bereizten dira andrazkoen alorrean?
Bi: ni hasi nintzenean 480 eta 520 kiloko kategoriak ziren, eta gerora 500 eta 540 kilokoak bilakatu dira. Euskal taldeak, baina, hobeto moldatzen gara pisu txikian gure gorpuzkera dela eta. Esaterako, aurtengo Munduko Txapelketan, pisu txikiko kategorian, Taiwango taldeak baino 36 kilo gutxiago pisatzen genituen, eta horri aurre egitea oso zaila da, bereziki pisua gakoa den kiroletan.

Oker ez banabil, 2012 amaieran Taiwanera joan zineten emakume sokatiralari bati buruzko film bat errodatzera. Nolakoa izan zen esperientzia?
Izugarria! Taiwanen sokatiralariak profesionalak dira, hau da, sokatiratik bizi dira. Ikasle garaian aritzen dira, eta emaitza onak lortzen dituzten sokatiralariek ikasketak ordaintzeko aukera dute, Gobernuak diru laguntzak ematen baitizkie eskolatik hasi eta unibertsitate garairaino. Oso erroturik dagoen kirola da, eta laguntza, inbertsio eta babes ugari jasotzen dituzte instituzio eta enpresa pribatuengandik. Sokatirari errespetu itzela diote eta pelikula bat egitea lortu dute! Gure arteko harremana, aldiz, sare sozialen bidez hasi zen: Taiwango sokatiralari batekin hartu emanetan jarri nintzen mundialetik etorri ostean, eta proposamena martxo inguruan egin zigun; dena den, gu ez ginen iraila bukaera arte joan bertara. Oso interesgarria izan zen, sokatirari dioten miresmena, errespetua eta gorazarrea ikusteko balio izan zigun, guk afizio duguna haiek ofizio baitute. Milaka sokatiralari aritzen dira eta emaitza itzelak lortzen dituzte, sinestezina da!

Eta gure artean, zer egin herri kirolak gazteen artean sustatzeko?
Modu bakarra eskolan sartzea da, haurrak herri kirolak praktikatzen hastea. Hor egin behar da ahalegina, zaletasuna umetatik errotzen joan dadin.