Roger Martinez: "Harremanak aldatzen ari dira gazteen artean"

Roger Martinez: "Harremanak aldatzen ari dira gazteen artean" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/roger-martinez-quotharremanak-aldatzen-ari-dira-gazteen-arteanquot/@@download/image/4p14-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Roger Martinez kazetari eta soziologo katalana da. Hogeitabederatzi urte ditu eta hainbat lan egina da, batez ere Ingalaterrako eta Bartzelonako gazteei buruz. Rogerrekin hizketan aritu gara, gazteen artean azken urteotan gertatzen ari diren aldaketez. 

Europako herrietako gazteak gero eta antzekoagoak direla dirudi. Nola ikusten duzu orokorrean Europako gazteria?
Nire ustez, beste kultur harreman mota batzuk sortzen ari dira gizartean. Gazteen artean, kontsumoaren bidez, harremanak eta kultur adierazpideak aldatzen ari dira. Kontsumoak sekulako eragina du, gaur egun inoiz baino gehiago kontsumitzen baita: musika, arropa, tabernetara edo diskoteketara joatea... Esate baterako, Bartzelonan duela zenbait urte langile auzoetako gazteak ez ziren diskoteketara joaten eta gaur egun mundu guztia joaten da. Horrez gain, kontsumoa bereizgarria eta sozializazio bidea da, hau da, talde batean, lagun koadrilan, institutuan onartua izateko, oinetako marka, arropa edo musika jakin bat kontsumitu behar da.
Baina ez al zen 80ko hamarkadan, gauza bera gertatzen punk, heavy edota skin-ekin, esaterako?
Bai, joera hau duela 40 bat urte hasi zen Katalunian, Espainian edo Hego Euskal Herrian. Hala ere, egun kontsumoa askoz handiagoa da. Bartzelonan hau oso nabaria da, hemen beharbada ez hainbeste, baina Hego Euskal Herrian ere poliki-poliki aldaketa hauek gertatzen ari dira.
Baten batek esan dezake gazteek identifikazioa kontsumoaren arabera egitea ez dela oso ona...
Nire ustez, ez da ona, ezta txarra ere, ezberdina da. Garai batean euskalduna izatea edo ez izatea, gizona ala emakumea izatea edo klase sozialak bereizgarriak ziren, horren arabera egiten ziren harremanak. Gaur egun, berriz, kultur harreman ereduak aldatzen ari dira. Kontua da aztertzea harreman berriotan nola funtzionatzen duten lehengo bereizgarriek (euskalduna ala espainiarra, gizona ala emakumea...).
Adibide bat jar dezagun. Punk musikan gizonezkoek dantza egiten dute eta emakumeek, aldiz, ez dute hainbeste parte hartzen. Bakailao musikan, aldiz, emakumeek parte hartze handiagoa dute. Beraz, hau da galdera: zein harreman sortzen dira gizonezko eta emakumezko artean gauza bata edo bestea kontsumituz gero? Horixe ari naiz aztertzen.
Lehen, gazte taldeen artean ezberdintasun handiak zeudela zirudien. Uniformizaziorantz al goaz?
Garai batean komunikabideek "hiri leinuez" hitz egiten zuten. Gaur egun sailkapenak ez dira hain zorrotzak, ez dago bere identitatea gauza bakar batean oinarritzen duen hainbeste jenderik, joko handiagoa dago estiloetan. Baina bereizgarriak egon badaude. Kontua da lehen gazterik kritikoenek benetakotasuna kontsumotik kanpora bilatzen zutela. Nire ustez, aldaketokin, kultur uniformizaziotik ihes egin nahi dutenek industria bat sortu behar dute merkatuan, aniztasuna sortzeko: tabernak, disketxeak, diskotekak...
Beraz, zure ustez, sisteman sartu behar da, ezta?
Bai, ez dago beste aukerarik. Beste adibide bat jarriko dut. Ingalaterran, beste hainbat lekutan bezala, hamalau-hamabost urteko neskei zuzendutako aldizkari bat dago. Duela zenbait urte aldizkari hau oso sexista zen; gutxi-gora-behera, neska gazteen helburu nagusiak lehenbailehen mutila bilatzea izan behar zuela zioen. Mugimendu feministako zenbait kide aldizkarian sartu eta bestelako diskurtsoa egiten hasi ziren:"mutil batekin hasiz gero, ez utzi lagunak alde batera", "zure ibilbide profesionalak garrantzi handia du"...  Azkenean, diskurtsoa aldatzea lortu zuten.
Dena den, gazteak orain kontserbadoreagoak direla esaten da askotan...
Baliteke hala izatea. Lehen hiri handietako langile auzoetan gazte asko eta asko heavy-ak ziren eta ideologikoki ez beharbada, baina jarrera ezkertiarra zuten. Orain, aldiz, auzo horietako gazte askori bakailao musika gustatzen zaie, eta ez dute ezkerreko jarrerarik. Hala ere, aginteak zailagoa du orain gazteak bideratzea, ez baitira konbentzitzen errazak.
Katalana gazte hizkuntza al da?
Kataluniako gazteek naturaltasun handiagoaz hitz egiten dute katalanez. Katalanez mintzatzeak ez du lehen bezainbesteko militantzia kutsurik. Nik beti esan dut hizkuntza bat bizirik dagoela baldin eta hiztun gazteek hizkuntza horretan nesketan edo mutiletan egiteko gai badira. Valentzian edo Mallorcan, adibidez, gazte askok, katalanez mintzatzeko ohitura duten arren, nesketan edo mutiletan, gaztelerara jotzen dute. Zergatik? Hori "baserritarrek" egiten dutelako. Katalunian, ordea, leku askotan nesketan edo mutiletan katalanez egiten da.