Rocopolis: beti gora

Rocopolis: beti gora https://www.gaztezulo.eus/albisteak/rocopolis-beti-gora/@@download/image/30p38-1.jpg
2003/05/02
erreportajea
Ainhoa Irazu
Rocopolis: beti gora
Apirila amaieratik zabalik da Berrioplanon Rocopolis izeneko rokodromoa. Bost eskalatzaile nafarren ekimenez sortua, Europako rokodromo handienetakoa dugu hauxe.

Rokodromoa Berrioplano herrian dago, Iruñetik gertu. 1.500 metro koadro ditu eta 15 metroko altuera du. 1.000 metro koadro sokarekin eskalatzeko egokitu dira. Sokarik gabeko eskalada edo bulder egiteko paretak eta arrapalak ere badira. Horrez gain, gimnasioa, taberna, dutxak eta aldalekuak daude.    

Puntako azpiegiturez hornitu dute eraikina: soka, arnes eta zinta onak, paretatik jaisteko segurtasun handiko tresnak, helduleku egokiak…...

Rokodromo honetako elementurik ikusgarriena 40 metroko arkua da. Eskalatzaileak gora eta behera ibil daitezke bertan. Arku hau oso-osorik egitea, ordea, ikaragarri zaila omen da, eta horregatik,  normalena eskaladazaleek 20 metroko ibilbidea egitea da. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, hala ere...

Bulder egiteko arrapalak ere ez dira nolanahikoak: sokarik gabe gora joateko aukera ematen dute, eta eskalatzaileak, huts eginez gero, ez du zertan kezkatu, koltxonetek geldituko baitute lurrera iritsitakoan.

Aparteko eskalada eskola

Rocopolis-eko arduradunek gertutik ezagutzen dituzte kirol honen arriskuak, bost eskalatzaile nafarren ekimenez sortu baita rokodromoa: Koldo Aranguren, Javi Gonzalez, Unai Alvira, Jose Montero eta Mikel Zabalza. Denak ezagunak dira eskalada arloan. "Aspaldi hasi ginen proiektuarekin. Euskal Herrian badira rokodromoak: Ariznavarra Gasteizen, Pio Baroja Donostian… Hala eta guztiz ere, gurea eskaladan aritzeko rokodromo handiena eta prestatuena da. Europako handienetakoa da. Gure ustez, halako azpiegitura baten beharra zegoen. Ilusioz beterik ekin diogu egitasmoari", jakinarazi digu Mikel Zabalzak.

Euren asmoa eskalada eskola antolatzea da, Euskal Herrian mendizale eta eskalatzaile harrobi polita dagoela argi dute eta. "Gaztetxoei kirol honetan lehen urratsak emateko oinarrizko ezagutzak irakatsi nahi dizkiegu. Ildo horretatik, ikastetxeekin elkarlanean aritzeko asmoa dugu. Horrez gain, hasi berriak ez diren kirolarientzat ikastaroak antolatuko ditugu: big wall izenekoa, adibidez. Gainera, kirol honetan buru belarri sartuta daudenei ere eskalatzeko toki paregabea eskainiko diegu", adierazi digu Zabalzak.

Ekimen pribatua

Pozik dirudite egitasmoarekin antolatzaileek. Dena dela, argi dute aurrera egiteko arriskatu beharra dagoela, gogoko duten kirolean gertatzen den bezala. "Sei bazkidek bultzatu dugu diruz rokodromoa. Gurea ekimen pribatua da, baina hala ere, ez ditugu erakundeen edo babesleen diru laguntzak baztertuko", dio mendizale nafarrak.

Esan bezala, rokodromoa Berrioplano herrian dago (Ardi bidea, 20). Bazkide izateko, 30 euro ordaindu behar dira hilean. Bestela, egun baterako txartela ere har daiteke. Laster, ekimenari buruzko informazioa jaso ahal izateko, www.rocopolis.com web orrialdea martxan jarriko dute. Iruñetik hurbil, beraz, eskaladan trebatzeko aukera ederra.

Punta-puntako armiarmak


Bost eskalatzaile ariko dira Rocopolisen ikasleei eskolak ematen. Guztiak ezagunak dira kirol honetan.

Koldo Aranguren:
Murillo de Gallego-ko Nattura abentura kirol enpresako begirale profesionala da. Hala, eskalatzaile izateaz gain, abentura kiroletan, arroien jaitsieran batez ere, aditua da. Rapela oso ongi menderatzen du.

Javi Gonzalez: eskalatzailea eta Iruñeko Altura Eder lan bertikaleko enpresako kidea.

Unai Alvira: kirol eskaladako Nafarroako iazko txapelduna. Besteak beste, Baltzolako “White Zombie” 8c bidea egina du.

Jose Montero: eskalatzaile klasikoa. Besteak beste,  Josemite bailarako Gran Capitan mendia egin du.

Mikel Zabalza: alpinista eta eskalatzailea. Hainbat eta hainbat bide zabaldu ditu Euskal Herrian. Horrez gain, mendi espedizio garrantzitsuetan parte hartu du: Retena Odisea-Everest 2.000 edota “Al filo de lo imposible-Broad Peack”.