Roberto Bolaño: handia, oso handia

Roberto Bolaño: handia, oso handia https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Roberto Bolaño: handia, oso handia
Gaztelaniazko literatura maite duen edonorentzat, lan zaila da Roberto Bolaño (1953-2003) idazle txiletarra aurkeztea. Batzuen ustez, XX. mendeak emandako promesa handienetako bat izan zen, eta jipoi itzela izan zen bere ustekabeko heriotza. Duela bost urte hil zen Bolaño, berrogeita hamar urteak bete berriak zituela eta literatur sormenaren punturik gorenean zegoela. Bukatzeke utzi zuen 2666 izeneko obra, 1.000 orritik gorako nobela erraldoia.
Hego Amerikako olerkigintzan eredu zaharrak hautsi eta abangoardia moldeak aldarrikatzearren, infrarrealismo izeneko mugimendu poetikoa sortu zuen Bolañok. Hala ere, urteekin prosara salto egin zuen, eta hor sortu zituen lanik funtsezkoenak.
Bat baino gehiagorentzat, literatur lehiaketa nagusiak irabazi nahi zituen idazle horietako bat zen; beti erronka eta lan handietan murgilduta zebilen idazle handinahi bat. Ohi bezala, aldekoak eta kontrakoak izan zituen, baina inork gutxik jartzen du zalantzan bere lanaren tamaina, bere liburu guztien atzean antzematen den ahalegin erraldoia.
Bolañok hegitik idazten zuen, eta hegietara eramaten zuen bere literatura. Bere liburuetan kutsu biografikoa duten pasarte ugari dago; batez ere, Bartzelonan, Santiagon edo Mexiko DFn igarotako benetako pasadizoak (irudikatutakoak ere baditu) deskribatzen dizkigunean. Bolañok grina handiz kontatzen ditu pasadizo horiek, xehetasunez deskribatzen ditu, pertsonaiak elkarrizketa luzeetan murgilduz, eta haien hausnarketa dibertigarri eta sakonei bidea egiten utziz… Egia esan, dena da handia bere literaturan. Istorioek berben eta esaldien uholde ordenatua dirudite, eta hori gauza bitxia da lehen pausoak olerkiak idazten eman zituen norbaitengan.
Dena den, aitor dezagun egia: Roberto Bolaño irakurtzeak halako zapore garrantza uzten dio irakurleari. Izan ere, irudipena du Bolañoren lanik onenak heltzeke geratu zirela, heriotzak erditik ebaki zuela bere literatur ibilbidea.

BIBLIOGRAFIA AUKERATUA
• Consejos de un discipulo de Morson a un fanatico de Joyce (1984), Antoni Garcia Portarekin batera idatzitako eleberria.
• La pista de hielo (1993), eleberria.
• La literatura nazi en America (1996), eleberria.
• Estrella distante (1996), eleberria.
• Amuleto (1999), eleberria.
• Monsieur Pain (1999), eleberria.
• Nocturno de Chile (2000), eleberria.
• Tres (2000), poesia.
• Los perros romanticos. Poemas 1980-1998 (2000), poesia.
• Putas asesinas (2001), ipuinak.
• Amberes (2002), eleberria.
• Una novelita lumpen (2002).
• El gaucho insufrible (2003), kontakizun laburrak.
• Entre parentesis (2004), saiakerak, artikuluak, hitzaldiak eta elkarrizketak.
• 2666 (2004), eleberria (hil ondoren argitaratua).
• La universidad desconocida (2007), poesia (hil ondoren argitaratua)
• El secreto del mal (2007), ipuinak (hil ondoren argitaratua)