Revolutionary Brothers: Pausoak, iraultzaren bidean

Revolutionary Brothers: Pausoak, iraultzaren bidean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/revolutionary-brothers-pausoak-iraultzaren-bidean/@@download/image/82p53revolutio_1363721527.jpg
2008/02/01
elkarrizketa
Aritz Sound System
Revolutionary Brothers: Pausoak, iraultzaren bidean
'Sound system' hitza ez da arrotza gaur egun Euskal Herrian. Hala ere, nahiko ezezaguna da, oraindik, haren atzean dagoen mundua. Iluntasunari argi pixka bat ematen lagunduko digute Ikerrek eta Unaik, Revolutionary Brothers Donostiako taldeko lagunek. Duela bost bat urte hasi ziren reggae musika festetan zabaltzen eta orain, etengabe ari dira Jamaikako doinuak ezagutarazten. 

Zergatik Revolutionary Brothers izena?
Unai: Revolutionary Brothers Ikerren eta bion sound system-a da. 'Brothers' hitza jarri diogu anaiak garelako, nahiz eta jende asko harritzen den anaiak garela esaten dugunean. Eta 'Revolutionary' hitza hartu dugu, Donostialdera eta, oro har, Euskal Herrira iraultza musikala ekarri nahi dugulako.

Zer da "iraultza musikala"?

U: Iraultza musikala, musika beltzaren inguruan eta, bereziki, Jamaikako musikaren inguruan. Soula edo hip-hopa nahiko zabalduta daude, baina reggaea ez.

Rapa sartzen ari da, nahiz eta, oraingoz, euskaraz gutxi egiten ari den (Mak taldeak diskoa kalean du). Soularekin ez gara erantzun bera ikusten ari…

Iker: Gure artean ez, baina Europan gehiago entzuten da. Europan hobeto ari dira, eta musika beltzaren estiloak gehiago sartu dira.

Zer da zuentzat sound systema? Nola antolatzen duzue festa?

U: Gure sound systemak bi formatu ditu. Batetik, anaiak eta biok egiten duguna: musika aukeraketa eta nahasketak. Eta bestetik, abeslariekin batera egiten duguna. Azken hau ikusgarriagoa da eta jendearentzat politagoa agian, baina zailagoa ere bada, jende gehiagorekin koordinatu beharra dagoelako. Gu hainbat lekutan ibiltzen gara: Euskal Herrian, Frantzian, Espainian eta Belgikan ere izan gara gure sound systemarekin; diskoak hartu, platerak… eta prest gaude soinua egiteko!

Egia da jendeak eskertzen duela eszenatokian abeslariak izatea. Zein abeslari joaten dira zuekin?

U: Azkenaldian lan asko egiten ari gara Konsul eta Maese Trucco-rekin, eta azkeneko emanaldietara Irungo Sistah Kata ere gerturatu da. Konsul 12 Tribu taldeko abeslaria da, reggaean Euskal Herriko ahotsik onena dudarik gabe, eta Maese Trucco Lugoko abeslari gaztea da, rap munduan hezitakoa; gaztelaniaz kantatu eta bere bizitzako pasarteez hitz egiten du. Hamar urteko eskarmentua du Maese Truccok.

Rap mundutik datorrela diozu. Oso harreman estua dago reggae eta hip-hoparen artean; aspalditik, reggae abeslariek rap baseen gainean abestu dute, eta alderantziz. Maeseren kasuan erraz moldatu da reggae estilora?

U: Bai. Eta reggaea abesten hasi denetik arrakasta handiagoa du!

Sistah Kata ere aipatu duzue, eta abeslari txukuna da, ezta?

U: Bai, Irungo abeslari gaztea da, eta ahots ona du. Oso souleroa izan daiteke.

12 Tribu taldea ere aipatu duzue. Euskal Herrian reggae musika egiten duen talde gutxienetakoa da. Nola ikusten duzue Euskal Herriko egoera reggae taldeei dagokienez?

I: Nahiko gaizki dago. Talde gutxi daude: 12 Tribu, Chalwa eta ezer gutxi gehiago.

BDF, Ambassah eta Potato ere hor daude…

U: Bai, baina BDF nazioarteko musikariz osatuta dago gehienbat, eta ez dakit Ambassah taldetzat hartu beharko genukeen. Potatok ere hor jarraitzen du, eta agian ez da guri gehien gustatzen zaigun reggae mota, baina ekarpena ere egin dute.

Zaila da talde bati eustea, ezta? Normalean reggae taldeetan partaide asko izaten dira, eta horrek zailago egiten du irautea. Horrez gain, reggaeak jarraitzaile gutxi ditu oraindik, eta salmentei dagokienez, ez da batere errentagarria. Sound System formatura bueltatuta, nola ikusten duzue Euskal Herriko sound systemen osasuna?

I: Gu baino lehen jende asko aritu da: Aritz Sound System; Irungo Bad Sound System, reggae eta hip-hop doinuekin; Donostiako Dreadrive, UK estiloarekin… Sound system jaio berri bat ere badugu, Rude Kanka: Donostiakoak dira eta bizpahiru festatan parte hartu dute.
U: Sound systemak sortzeak poztu egiten gaitu, Jamaikako musika zabaltzen lagunduko dute eta.

Azken boladan, talde berri askorik ez, baina sound system formatua indarra hartzen ari omen da. Zergatik?

I: Gero eta reggae gehiago entzuten du jendeak, eta musika hau garrantzia hartzen ari da gure artean. Azken hamar urteetan lan handia egin da, eta orain fruituak jasotzen ari gara. Gu duela bost urte hasi ginen, eta gorakada nabaritu dugu.

Zuek gero eta emanaldi gehiago dituzue. Nolakoa da jendearen erantzuna? Eta bestetik, zer moduzkoak dira, antolaketari dagokionez, emanaldiak egiteko baldintzak?

I: Jendearen aldetik harrera ona izan dugu beti. Antolatzaileekiko harremana, berriz, oraindik ez dago oso garatuta; hor dabiltzanen artean bussines handia dago, eta zaila da harreman ona edukitzea.
U: Zaila da musikan mugitzea, eta bereziki reggae musikarekin. Leku batean baino gehiagotan gauzak egiten saiatzen gara, baina antolatzaile handiekin harremana izatea zaila da.

Bide horretan, sustapen lana garrantzitsua da, ezta? Zuek egiten duzue?

U: Bai. Izan ere, jendeak ezagutzen ez bazaitu, zure burua aurkeztera derrigortuta zaude: zer egiten duzun azaldu, zure saioren bat entzun dezaten utzi, webgunearen berri eman eta abar. Lan handia eskatzen du horrek.

Eta GAZTEZULOko irakurleen artean bere sound systema antolatu nahi duen inor balego, zer aholkatuko zeniokete?

I: Ahalik eta leku gehienetara joan dadila. Hori erraza da esaten, baina gero lan handia eskatzen du: jendearekin hitz egin behar da, lokalak bilatu, akordioetara iritsi…

Sound systemen munduan ere mailakatzea dago, eta dirudienez, goiko mailan egoteko, zeure dubplate edo grabazio propioak eduki behar dituzu. Hori ere negozioa da. Zer iruditzen zaizue?

U: Dubplate-en mundua eromena da. Dirua dago tartean, eta arraroa da. Nork bere erabakiak hartu behar ditu eta ikusi, produkzio propioak baditu, gustuko abeslariekin lan egiteko aukera duen edo jamaikar erritmo ospetsuekin lan egin nahi duen. Guk egin izan ditugu, eta egingo ditugu, baina badakigu noraino iritsi gaitezkeen. Ez ditugu egiteagatik egiten; aurretik artistarekin harremana eduki behar izan dugu eta bakoitzari bere tartea eman nahi diogu gure saioetan sustapen modura.
I: Antza, goi mailako sound systema izateko, mila dubplate eduki behar dituzu. Gure ustez, berriz, sound systema festen eta jendearen erantzunaren arabera neurtu behar da. Hau da, jendeak dio sound system bat nolakoa den.

Dena den, festa batean giro ona izatea ez dago soilik sound systemaren esku. Tartean, beste faktore asko daude. Adibidez, reggaea, Euskal Herrian, ez da festarako musikatzat hartu; normalean porroak erretzearekin eta "botata" egotearekin lotu izan da.

I: Hori uste duenak ez daki zer den benetan reggaea. Edozein musikak sor dezake lasaitasuna, eta reggaeak badu horrelako izpiritu polita eta lasaitasun sortzailea. Baina indarra eta iraultza zentzua ere badu, eta horrek ere asko mugitzen du musika hau.

Reggae guztia berdina dela uste dute askok oraindik. Ez da egia, ordea. Zuen kasuan zer reggae mota jartzen duzue?

I: Roots reggaearekin hasi ginen, eta ondoren, dub eta dancehall doinuak landu ditugu: 80ko hamarkada hasierako dancehall reggaea. Hip-hoparekin harreman handia duen dancehall berria ere lantzen dugu. Zertxobait denetarik jartzen dugu.
U: Reggae dantzagarria jartzen dugu festetan, hori behar delako. Roots eta ska doinuak ere ipintzen ditugu. Nahasketa egiten dugu; ez dago, horretan, inongo proportziorik, eta festaren arabera aldatzen dugu.

Eta, oro har, zer moduzko osasuna du reggaeak mundu osoan?

I: Europan osasuntsu dago. Jendea mugitzen ari da reggaearen inguruan; diskoak erosten dira, sound systemak antolatzen dira… Goraka doa.

Zuen kasuan, reggaea irrati bidez ere zabaltzen duzue; Donostiako Ttan Ttakun irrati librean egindako saioaren bitartez, ezta?

U: Duela bi urtetik, asteazkenero, Are you reggae? saioa egiten dugu. Anaia eta biok egiten dugu; tarteka gonbidatuak ditugu eta gure diskoak jartzen ditugu. Reggaea ezagutzeko elkargunea balitz bezala erabiltzen dugu saioa.