Raymonde Chandler: Hiriko bakardade beltza

Raymonde Chandler: Hiriko bakardade beltza https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Raymonde Chandler: Hiriko bakardade beltza
1930ean "Maltako Belatza" argitaratu zuen Dashiell Hammettek. Urtebete lehenago "Uzta gorria" kaleratu zuen. Nobela beltza bezala ezagutzen dugun generoak gero eta zale gehiago zituen irakurleen artean. Zinema ekoizleek aukera paregabea ikusi zuten bortxakeria eszenak eta gizarte lohi baten erretratu errealistak tartekatzen zituen genero honetan. Humprey Bogart eta Robert Mitchum bezalako aktoreek antzezturiko pertsonaia ahaztezinak ikono bihurtu dira, ez bakarrik genero beltzarentzat, baita zinemaren historiarentzat ere. Saxo bakarti baten akordeak atzetik entzuten direla; zigarroa ahoan daraman ikertzaile gogor eta kezkarik gabea; emakume eder eta misteriotsua; iragan nahasia duen aberatsa; pistolak eta kazetariak; dirua eskuratzeko edozertarako gai diren pertsonak... Ezaugarri eta giro jakin batzuekin lotuta dagoen genero honen gailurra 1888an Chicagon jaiotako gizon bati zor diogu, Raymond Chandlerri, hain zuzen ere. 
Lehen Mundu Gerran parte hartu ondoren, hainbat lanatan aritu zen Chandler, batetik bestera. Azkenik, petrolio-etxe batean exekutibo bezala lan egin zuen, harik eta 1932an kalera bota zuten arte. Orduan hasi zen "Black Mask" eta "Dime Detective" bezalako aldizkarietan narrazioak argitaratzen. 1939an "Betiko loa" eleberria argitaratu zuen. Bertan agertu zen, lehen aldiz, Philip Marlowe ikertzaile ezaguna, gerora film askoren protagonista eta eredu bihurtutakoa. Jarraian etorriko dira "Agur Maitea", "Dama lakuan", "Ahizpa txikia" eta "Adiorik ez" eleberri bikainak. 
Chandlerrek erakusten digun mundua ustelkeriz beteriko mundua da, eta neurri batean, gizarte oso baten isla. Etsipena eta ironia erabilita, gizarte horren erretratu bikaina egiten du idazleak, elkarrizketa biziak eta zorrotzak tartekatuz. Igela argitaletxeak genero honi eskainitako sail bat du, "Sail Beltza" izenekoa. Bertan aurki daitezke Chandlerren eleberriak, eta baita genero honetan maisu izandako beste hainbat autorerenak ere (Hammet, McCoy, James M. Cain, Jim Thompson, B. S. Ballinger...).