Ramon Saizarbitoria: Ehun metro haiek

Ramon Saizarbitoria: Ehun metro haiek https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
1976an, Ramon Saizarbitoriak euskal literatura eraberritu zuen "Ehun metro" eta "Ene Jesus" liburuen bitartez; narrazio tekniketan baliabide berriak erabiltzeaz gain, euskal literaturan ordura arte inork gutxik jorratutako gaiak plazaratu zituen Saizarbitoriak.
Aipatu liburuetan, protagonisten ahotsak aldatu eta tartekatu zituen idazleak, eta zinemari keinu eginez, kontaketak zatikatu eta planoka antolatu zituen; pertsonaiak ere barne hizketan jarri zituen... Horiek guztiak, ordura arte euskal idazleek —Txilladergik salbu— inoiz erabili gabeko formak ziren.
Dena den, Saizarbitoriaren literatur ibilbidea ez zen "Ehun metro" harekin hasi. Zazpi urte lehenago, 1969an, "Egunero hasten delako" nobela argitaratu zuen, eta obra hartan, besteak beste, abortoa eta matxismoa iradoki zituen. Kontu egin ezazue, 1969ko Euskal Herrian, abortoaz hitz egitea ia bekatu mortala zela. Merezi du "Egunero hasten delako" irakurtzeak, eta ez ikastolako irakasleak agindu dizuelako… GAZTETXULOtarron aholkua da!
Ramon Saizarbitoria 1944an jaio zen Donostian, eta hain zuzen, Donostiako Konstituzio Enparantzan girotuta dago "Ehun metro". Nobela 1974an argitaratu zen lehen aldiz, baina polizia frankistak debekatu eta bahitu egin zuen. Ondoren, 1976an, "Ehun metro" argiratatzea baimendu zuten.
Joxe Zuazalagoitia izeneko ETAko kidearen azken ehun metroak kontatzen dizkigu "Ehun metro"k. Zenbaitek nobela abertzalea ikusi zuten Zuazalagoitia etakidearen azken metro haietan, eta beste batzuen ustez, aldiz, heriotzaren aurrean ihesi doanaren bakardadea da protagonista.
"Ehun metro" haren ondoren, "Ene Jesus" nobela kaleratu zuen Saizarbitoriak, esperimentazioa muturreraino eramanez: ohean heriotzaren zain den protagonistaren burutazioak dira nobelaren ardatza
Urtezaharrean, maitasun bila
Urte asko joan ziren Saizarbitoriak "Hamaika pauso" (1995) hurrengo nobela argitaratu zuen arte. 1975-1984 urteen bitartean girotutako istorioa saltoka kontatua dago, eta Saizarbitoriaren belaunaldikoen memoria moduko bat da. Ondoren, "Bihotz bi. Gerrako kronikak" (1996) eta "Gorde nazazu lurpean" (2000) bikainak plazaratu zituen.
2003an, gazteen munduan murgildu zen Saizarbitoria "Kandinskyren tradizioa" liburuaren bitartez. Miren izeneko neskaren istorioa kontatzen du liburuak. Aspaldiko kondaira errusiar bat sinetsita dago Miren: urtezahar gauean, izena galdetuko dio kalean gurutzatzen zaion lehen gizonezkoari, eta izen horixe izango du bere bihotzeko amodioak. Gisa horretara, bi izen sartuko dira Mirenen bizitzan: Aitor eta Manu. Bietatik, nor izango ote bihotzekoa?