Rafael Mikoleta ipuin lehiaketa Bilboko ikasleentzat

Bilboko Udalak Rafael Mikoleta Euskarazko Ipuinen Lehiaketaren hogeita hamalaugarren edizioa martxan du, ikasle bilbotarren artean euskarazko irakurketa eta idazketa sustatzeko asmoz. Lehiaketa Bilbon erroldatuta dauden edo bertako ikastetxe batean ikasten duten Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago.
Ipuinek euskaraz idatziak izan behar dute eta marrazkiz lagunduak izan. Horretaz gain, jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketaren batean aurkeztu gabekoak izan beharko dute. Gaia librea izango da, eta 2 eta 4 folio arteko luzera izan beharko dute. Ipuinen egilea bakarra izango da eta irakurtzeko moduan idatzita egon behar dute, ordenagailuz, idazmakinaz edo letra argiz.
Hamalau sari banatuko dituzte guztira, adinaren araberako lau kategoriatan banatuta, eta kategoria bakoitzean hiru sari izango dira: 180 euroko balioa duten opariak, 140 euroko balioa dutenak eta 100 eurokoak. Bilbao Balioen Hiria Saria ere izango da eta, honen bidez, Bilboko Balioen Agirian jasotako balioetako bati erreferentzia egiten dioten bi ipuin sarituko dira. Bi sari horietako bakoitzak 150 euroko balioa du, eta DBHko ikasleentzat izango dira biak.
Epaimahaia Bilbon bizi diren eta literaturaren munduarekin lotura duten pertsonek osatuko dute: Igone Etxebarria, Txani Rodriguez, Lutxo Egia, Juan Ramon Madariaga, Julen Gabiria, Irune Urrizelki, Galder Urzaa eta Goizalde Landabaso.
Ipuinak aurkezteko epea urtarrilaren 28an amaituko da, 14.00etan. Aleak Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko Euskara Zuzendariordetzan aurkeztu beharko dira. Oinarriak hemen daude kontsultagai osorik.
Euskarazko ipuinen lehiaketa 1988an abiatu zen, lehendabiziko euskal gramatika osatu zuen Rafael Mikoletaren omenez. Aurreko edizioan, 922 ipuin aurkeztu zituzten 8 eta 16 urteko gaztetxoek. Aurreko edizoetako argitalpenak Bilboko Udalaren webgunean irakur daitezke.