"Osti bi": bi zartako

"Osti bi": bi zartako https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quotosti-biquot-bi-zartako/@@download/image/43p11-1.jpg
2004/07/02
erreportajea
Asier Mendizabal
"Osti bi": bi zartako
Gor diskoetxeak bi taldek partekatutako lana argitaratu berri du: "Osti bi". Lazkaoko Brigada Criminal eta Olaztiko Stupenda Jones ari dira bertan.

Garai batean Euskal Herriko rock taldeek erabilitako formula berreskuratu dute Gor diskoetxean: bi talderekin, disko bat osatzea. Gauza bera egin zuten zenbait taldek 80ko hamarkadan: Potatok eta Tijuana in Bluek, Delirium Tremensek eta Zarrapok, Rip-ek eta Eskorbutok… Oraingoan, Brigada Criminal gipuzkoarrak eta Stupenda Jones nafarrak dira protagonista.

Diskoaren lehen zatian Brigada Criminal lazkaotarren erritmoak bildu dituzte. Lehendik, autoekoitzitako CDa eta binilozko singlea bazituzten, eta bi lan horietan bildutako sei kantu berreskuratu eta berriro grabatu dituzte. Tolosako Bonberenea etxean egin dute grabazioa Iñigo Kanposekin, eta punk-rock eta hardcore doinuak dira nagusi.

Taldekideei eskarmentua antzeman zaie, eta hala da, zenbait taldetan ibilitakoak direlako: Los Rockinson, Fist Fucking eta Factoria 77 taldeetan, alegia.

Hitzei dagokienez, lehen gaztelaniaz abesten zuten, baina diskoan euskarazko kantuak ere sartu dituzte: "Euskararen kontrako azken erasoek eragina izan dute horretan", esan digu Joseba Artza bateria jotzaileak.

Esan bezala, diskoan sei kantu bildu dituzte, baina zuzenekoetan bertsioak jotzea atsegin dute. "Gustuko ditugun taldeen bertsioak egiten ditugu, eta jendeak eskertu egiten du", dio Josebak.

Stupenda Jones Olaztitik
Diskoaren bigarren zatia Stupenda Jones talde olaztiarrari eskaini diote. Nafarren estreinako lana dugu honakoa —maketa bazuten, hala ere—, eta beste sei kantu bildu dituzte, punk joerakoak.

Taldeak ibilbide laburra egin du, baina ilusioz ekin diote musikari. "Disko honekin, gure musika Euskal Herri osora zabaldu eta kontzertuak non-nahi eman nahiko genituzke. Orain arte, Sakanan baino ez gara ibili", adierazi du Jon Morcillo abeslari eta gitarra jotzaileak.

Stupenda Jones-ekoek sentimenduak biluzten dituzte kantetan, eta gehiegikeriak salatzea gogoko dute. Ziur aski, haien doinuek Euskal Herriko plaza ugari berotuko dute udan.