"Bizikletaz ibiltzeaz gain, bertako familiak lagundu nahi ditut"

"Bizikletaz ibiltzeaz gain, bertako familiak lagundu nahi ditut" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/quotbizikletaz-ibiltzeaz-gain-bertako-familiak-lagundu-nahi-ditutquot/@@download/image/2011275124azkena.jpg
2012/12/13
berria
Saharako Maratoia jokatuko dute hil bukaeran. Kirol proba hutsa baino askoz gehiago da. Kanpamentuetan bizi direnei elkartasuna adierazi eta egunerokoan jasaten dituzten zailtasun guztiak gaitzesteko antolatzen dute. Urtero urtero izaten da Euskal Herritik doanik. Eta ez bakarrik korrika egitera. Ekaitz Diaz de Garaio 25 urteko gasteiztarrak bost eguneko bizikleta martxan izena eman du.

Lehenengo aldia al da Saharara joango zarena?
Bai. Betidanik izan dut bidaiatzeko zaletasuna, eta horretaz gain, kirola egiteko eta Saharako herriak bizi duen egoera salatzeko aukera izanda, primerako plana iruditu zitzaidan.

Biziketa martxan parte hartu behar duzu. Nolakoa da ekimena?
Madrildik hegazkin bat aterako da 160 lagunekin, eta Sevillatik beste 50 pertsona joango dira. Batzuk maratoia egitera joango dira eta beste batzuk bizikletan ibiltzera. Maratoia otsailaren 28 egingo da. Bestalde, bizikletan bost etapa dira: otsailaren 27an kanpamenduetan bisita (40 Km);  otsailaren 28an maratoia egingo dugu bizikletaz, (42 km) El Aaiunetik Smarara; martxoak 1ean berriro maratoia. Eta hurrengo bi egunetan Smaratik Dajlaraino, desertuan lo eginez, (140km).

Zeure kabuz al zoaz?

Hiru lagunekin noa. Normalean, urtean zehar elkarrekin ateratzen gara Gasteiz inguruko mendietatik bizikletaz disfrutatzera, eta pixkat sufritzera  ere. Hauetariko bik bi urte daramatzate ekimen honetan sartuta, eta haiek animatu ninduten aurten beraiekin joatera.

Ez da kirol proba soila. Zer beste helbururekin bidaiatuko duzu?
Bizikletaz ibiltzeaz gain, ahal dudan moduan bertako familiak laguntzeko asmoa dut. Jarri dugun diruaren parte batekin, bertan eraikuntza berri bat egiteko erabiliko dute. Uste dut kirol instalazio batzuk egiteko izango dela. Beste aldetik, botikak eta bestelako gauzak eramango ditugu. Beste ezeren aurretik, Sahararako herriak bizi duen egoera salatu nahi dugu, onartezina da bizi garen garaietan jendea horrela egotea.  Oso gutxi dakigu bertan bizi duten egoerari buruz. Modu batean, ekimen hauekin, komunikabideak mugitu nahi ditugu, munduan zehar jakin dezaten zer gertatzen ari den.

Egoera deitoragarri horren adibideren bat jartzerik bai?
Adibidez, jende gutxik daki Saharako harresiak 2.720 km dituela. Bertan kilometro karratuko mina gehien dituen lurraldea dago, eta Marokoko 160.000 soldatu zaintzen dutela. Interes ekonomiko ugari dago harresi honen beste aldean, eta hori da zutik mantentzen duen arrazoi bakarra. Hau da salatu nahi duguna, egoera hau onartezina da. Saharako herriari berarena dena itzuli behar zaio. Euskal herritarrak animatu nahi ditut datorren urtean bidaia honetan parte har dezaten, eta baita gurean egiten diren jardueratan ere.

Zergatik bizikletaz eta ez korrika?
Bizikleta zalea naizenez, printzipioz bizikletaz egingo dut. Nire kasuan, gogorregia iruditzen zait 42 km desertuan barrena korrika egitea, ez nago horretarako prestatua. Aurten bizikletan joango naiz. Datozen urteetan, nork daki.

Sahara Marathon (Trailer) from Moriarti on Vimeo.