Publizitatea ametsetan

Duela hilabete batzuk, Molson Coors garagardo markak publizitate kanpaina baten berri eman zuen. Kanpaina egiteko modu beldurgarri samarra, egia esan; Estatu Batuetako Super Bowlaren aurreko egunetan ikusleen ametsetan barneratzeko diseinatutakoa hain zuzen ere. 100 milioi ikusleren ametsak bideratzea zen asmoa, garagardoarekin amets egin zezaten. Ezin izan zuten halakorik egin, amerikar futbol profesionaleko ligak lotuta zituen publizitate kontratuak zirela medio, baina talde murritz batekin proba egiteko aukera izan zuten.
Burmuineko irudien teknika modernoak eta ametsen inguruko ikerketak tarteko, ametsen inkubazioa errelitatetik gero eta hurbilago dago, zientzia fikzioa dirudien arren. Garagardo enpresak urte hasieran bere publizitate kanpaina berritzailea egin ondotik, moduak harridura sortu du. Lokartu aurretik online bideoa ikusarazi zieten kanpainaren ikerketaren eraginpean izan ziren hemezortzi lagunei; horietatik hamabi aktore ordainduak izan omen ziren. Bideoa 90 segundokoa zen eta ur-jauziak, mendiko aire freskoa eta Coors garagardoa ageri ziren irudietan. Ondoren, oheratu eta "soinudun paisaia" erreproduzitu behar izan zuten zortzi orduz. Arrakasta izanez gero, garagardoaren inguruko "amets freskoak" izango zituzten. Esperimentua erakusten duen bideoaren arabera, parte-hartzaileetatik bostek garagardoarekin amestu zutela aitortu zuten.
Adituen ustez, garagardo enpresak egindako kanpaina ez da trikimailu hutsa izan eta etorkizunerako bidea ireki dezake. Zientzialari komunitatearen gehiengoak ez du ontzat jo gure ametsak iragarle korporatiboen joko zelai bilakatzea. Bob Stickgold Harvard unibertsitateko psikiatria irakasle eta neurozientzialariaren iritziz, "enpresak egiten ari direnaz jabetzen ez diren pertsonei mendekotasuna sortzen duen droga bat inposatzea da. Ez dakit hori baino askoz okerragorik izan ote litekeen". Stickgold eta beste bi lagunek gutun irekia argitaratu zuten joan den hilean, publizitatearen mesedetan bideratutako ametsen inkubazioaren jardunaren inguruko kezka adierazteko. Ametsetan ikerketan aritzen diren mundu mailako 35 ikertzailek baino gehiagok sinatu dute gutuna.
Bideratutako ametsak
Azken hamarkadan egindako ikerketen arabera, pertsonen ametsak zehatzagoak izan daitezke eta lo egiten ari garenean eragiten diren ideia edo pentsamenduekiko sentikorrak gara. 2014an egindako ikerketa batek ere erakutsi zuen hau; erretzaile batzuei zigarro eta arrautza-ustel usaina jarri zieten inguruan lo egiten zuten bitartean eta hurrengo astean %30 gutxiago erre zuten.
Ametsak bideratzea zenbait kasutan onuragarria izan daiteke. Ametsek pertsonen ongizatearekin lotura dute eta kezka eta oztopoen aurrean nola egokitzen garen erakus dezakete, baita trauma edo depresio kontuekin lotutakoak ere. Ametsen edukia aldatzeak gure sormena suspertu dezake, gure aldartea hobetu eta ikasten lagundu. Aditu askoren iritziz, ametsak bideratzeak gaixotasun psikiatrikoak arintzen lagundu dezake, tartean depresioa eta traumaren ondorengo estresa.
Egin diren ikerketa gehienak kontu onuragarrietarako izan diren arren, publizitatedun ametsen mehatxua benetakoa izan daitekeela uste dute zientzialari askok eta norbere nahiaren aurkakoa: "Alexa edo antzeko aplikazioak dituzte askok logelan eta gailu hauek nahi dutena erreproduzitu dezakete nahi dutenean. Iragarleek publizitatea egiteko aukera eros dezakete, euren iragarkia goizaldeko ordu bi eta erdietan erreproduzitu dadin".
Enpresen interesa
Xbox enpresak ere badu teknologia bidezko prozedura honetan praktika; ametsen inkubazioa erabili izan du jokalari profesionalek euren bideo-joko kutunekin amestu dezaten. Playstation-ek ere Tetris joko berri bat diseinatu du ametsen ikerketan oinarrituta. 2018an Burger King-ek amesgaizto hanburgesa deiturikoa sortu zuen Halloween-erako, ikerketa baten bidez amesgaiztoak sor zitzakeela frogatu ondotik.
Zientzialarien publizitatearen "erregulazio zorrotza" eskatu dute gutunean, produktuak amets bihur ez daitezen. Estatu Batuetako Merkataritza Batzorde Federalak zenbait iragarki subliminal mugatzen ditu, hala nola pelikula edo saioetan hitzak edo irudiak distira egiten dutela agertzea. Pertsonak lotan daudela manipulatzea bidegabeko merkaritza jarduntzat jotzea izango litzateke irtenbidea.
Gauzak horrela, jardun honi bidea eten ezean, lo gaudela ere ez gara publizitateaz libratuko.