Programa txiki baina erabilgarriak

Programa txiki baina erabilgarriak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/programa-txiki-baina-erabilgarriak/@@download/image/54p48-1.jpg
2005/07/01
erreportajea
Gorka Julio
Gaurkoan 8 programatxo aukeratu ditugu zuretzat. Oso erabilgarriak dira denak, eta dohainekoak, gainera. Ondorengo hauek dituzu. 

Gmail Site
Fitxategiak gorde nahi badituzu, eta web orrialde batez zure lagunen artean banatu, Gmail.com posta elektroniko kontu bat erabil dezakezu. Programa honekin webgune bat sor dezakezu, eta bertatik, fitxategiak beste lagun batzuekin bana ditzakezu. Programa hau lortzeko www.gmailsite.com orrialdera joan behar duzu, bertan baitaukazu jakin beharreko guztia, baita euskarara itzultzeko fitxategiak ere. Programa hau erabili ahal izateko, beharrezkoa da Gmail kontu bat izatea.

Peer2mail

Sistema berritzaile honek fitxategiak gorde eta banatzeko aukera ematen du, Gmail, Walla eta Yahoo-ren ahalmen handiko webmail kontuak erabiliz. Programa www.peer2mail.com orrialdean aurki dezakezu.

Gmail Drive

Tresna honen bitartez, zure Gmail posta elektroniko kontua, disko gogor bat bezala erabil dezakezu. Gmail drive programa erabiliz gero, zure Gmail kontua disko gogor bat bilakatuko da, eta "Nire PCa" klikatuz gero, zure beste disko gogor, cd-rom eta diskete unitateak dauden tokian aurkitu ahal izango duzu.
Programa hau http://download.softpedia.com/software/internet/email/gmailfs_105.zip helbidean jaitsi dezakezu.

Skype

Programa hau messenger antzeko bat da, baina alde nagusia ondorengoa da: hizketaldia egin daitekeela hainbat kontakturen artean. Programa honekin egiten diren deiak erabat doan dira -programa dutenen artean, noski-. Dena den, telefono arruntetara ere deiak egin daitezke, eta hauek dohainekoak ez izan arren, oso merke ateratzen dira. Programa hau hainbat sistema eragilerekin erabil daiteke: Windows, Linux, Macintosh… eta abar. www.skype.com orrialdean aurki dezakezu skype programa.

Hacha

Programa honek fitxategi handiak nahi dugun tamainan mozteko aukera ematen digu. Noski, moztutako zatiak elkarrekin batzeko aukera ere ematen du, bestela jai dugu eta. Hacha hau oso erabilgarria da fitxategi handiak zatitu, eta diskete edo gailu eramangarrietan sartzeko. www.hacha.org orrialdean aurkituko duzu programa, eta beharrezko informazio guztia.

7zip

Fitxategiak konprimitzeko programa. 7Z formatua erabiliz gero, izugarrizko konpresioak lor daitezke. Programa hau software librea da, eta gainera, 7z, ZIP, CAB, RAR, ARJ, GZIP, BZIP2, Z, TAR, CPIO, RPM eta DEB fitxategi motak irekitzen ditu. Zenbait hizkuntzatan aurkituko duzu, baina zoritxarrez, euskarazko bertsiorik ez dago. Software librea izanik, gutako edozein anima daiteke euskarara itzultzera. www.7-zip.org orrialdean aurkituko duzu programa.

Irfan view

Irudiak ikusteko programa txiki baina harrigarria. Programa honek aukera ematen du irudi, bideo eta soinu fitxategi formatu asko irekitzeko. Baina horrez gain, aurkezpenak egiteko, formatu batetik bestera pasatzeko, handitu edo txikitzeko balio du. Benetan, harrigarria da programa txiki honek zenbat gauza egin
ditzakeen! Programa jaitsi nahi izanez gero, zoaz www.irfanview.com orrialdera.

Timed Shutdown

Ordenagailua nahi dugunean itzali, berrabiarazi edo lokartzeko aukera ematen digu. Ekintza hori zenbat minututan eta zein ordutan egin nahi dugun finka daiteke. Oso erabilgarria da: adibidez, gauez ordenagailua zerbait jaisteko piztuta utzi badugu, musika edo bideo batekin lo geratu bagara… ordenagailua itzaltzeko aukera ematen du. http://tinnes.org.uk/shutdown/index.html aurkitu dezakezu programa.

Gurekin harremanetan jartzeko:
juliuska@euskalerria.org

Webgune interesgarriak



Gaztea bazara, bidaiatu nahi baduzu, autobusa eta kanpinean egotea inporta ez bazaizu, eta diru gutxi baduzu, hona hemen era honetako bidaiak antolatzen dituzten bi agentzia euskaldunen orrialdeak:
www.ibiltari.com  Kanpinak eta autobusa uztartuta, oso bidai interesgarriak egiten dituzte. Bidaietan geldialdi asko egiteko, eta gauza asko ikusteko aukera ematen dute.
www.clubmarcopolo.es  Hauek ere bidaia politak egiten dituzte, era guztietako patrikei moldatuta.

Galduta? Ba galdetu!


Atal berri honetan, gure emailean jasotako galderak erantzuten saiatuko gara. Zuen zalantzak, galderak eta abar, gustura erantzungo ditugu. Horrez gain, hilabetero, zuen kezkak argitaratuko ditugu, eta e-mailez erantzuten saiatuko gara. Badakizu: Galduta? Ba galdetu!