Produktu naziak Amazonen

Umeentzako motxilak ikono naziekin, gurutze bat sutan, soldadutxo naziak... halako produktuak salgai daude Amazonen. Mundua konkistatu duen online salmenta plataforma handienari salaketa jarri diote, produktu naziak, arrazistak eta gorrotoa bultzatzen dutenak saltzeagatik.
Gorrotoa eta indarkeria bultzatzen duten talde ugari jaio dira azkenaldian AEBetan zein Europan, eta bada ideologia horiek jarraitzen dituztenen eskaerei erantzunez dirua irabazten duenik. Hala, Amazoni leporatu diote artikulu horien inguruko arriskuaz ez ohartaraztea eta besterik gabe salgai jartzea.
Hain zuzen, talde horientzat oso erraza da Amazon bezalako plataformak erabiltzea beren gorrotoa zabaldu eta jarraitzaileak lortzeko; horregatik, Amazoni gogorarazi diote ardura morala duela halako produktuak detektatu eta plataformatik ezabatzeko.