Presa kroniko bihurtu zaigu

Presa kroniko bihurtu zaigu Zuk ere mikrouhin labea bukatu baino segundo batzuk lehenago gelditzen duzu? Edo hegazkinak lurra hartu bezain pronto kentzen duzu mugikorretik hegazkineko aukera? Hala bada galdera bat planteatu behar duzu: zergatik? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/presa-kroniko-bihurtu-zaigu/@@download/image/timeless-01.jpg
2020/01/31

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Zuk ere mikrouhin labea bukatu baino segundo batzuk lehenago gelditzen duzu? Edo hegazkinak lurra hartu bezain pronto kentzen duzu mugikorretik hegazkineko aukera? Hala bada galdera bat planteatu behar duzu: zergatik?
Presa kroniko bihurtu zaigu

Argi dago ez dela deus irabazten mikrouhin labea segundo batzuk lehenagoztik gelditzearekin, ezta trena gelditu aurretik altxatzeagatik ere. Eta noski, ez da ezer gertatzen hegazkinak lur hartu eta berehala ez badugu gure mugikorra konektatzen. Izan ere, minutu eta ordu batzuk pasako balira ere konektatu arte ez litzateke ezer gertatuko, ez al gara lasaituak sentitzen bada mugikorra deskonektatzen dugun momentu horretan? Orduan zergatik presa horiek?

Nondik dator erlojuaren aurretik bizi behar izateko joera hori? Nola iritsi da gure bizitzetara larritasun ekidinezin hau? Zergatik iruditzen zaigu interesgarriena edo garrantzitsuena beti geroago datorrela?

Presa kroniko bihurtu zaigu. Horrenbeste, ezen ez baitakigu benetan asko dugun egiteko edo ez dakigun ezer egin gabe egoten. Jada urruti geratzen zaizkigun garaietan modan zegoena carpe diem-a bazen, hau da,  momentua bizitzea, orain badirudi atzerakada bat eman dela ideia horretan. Istantean bizitzea erronka izugarrian bilakatu zaigu.

Nora doaz beraz, mikrouhin labean aurreztutako minutuak? Trenaren ilaran aurreztutakoak? Ez dugu kirol gehiago egiten, ez ditugu liburu gehiago irakurtzen eta baliteke denbora gehiagorik ere ez pasatzea maite ditugunekin. Teknologia saldu ziguten denbora aurrezteko tresna moduan, eta smartphone-ak ditugu bai, trenak, hegazkinak eta beste hamaika aurrerapen, baina non guretzako pilatu beharko genituzkeen ordu horiek?

Badirudi beraz, presa ez dela egun okupatu baten ondorio, baizik eta bizitzeko modu bat bilakatu dugula. Gelditzen garenean ordea konturatzen gara presa duten eginbeharrak ez direla horrenbeste eta horrenbestez korrika ibiltzeak gehienetan ez duela zentzurik.

Horretaz ohartzean konturatzen gara trenaren edo zerbaiten zain segundo, minutu edota orduak itxaroten egotea ez dela denbora galtzea. Gure bizitzarekin sinkronizatzea dela, denbora hori aurreratzen saiatu gabe. Tokatzen zaigun tokian egotea da, momentu horretan bizitzea tokatzen zaiguna biziz. Izan ere, denbora ezagutzen dugun bezala asmakizun bat da eta beraz, sortu zuk zeuk zure denbora eta gozatu datorren asteburuaz!