Prentsaren sexismoa salatzen duen Wikipediako orrialde arrakastatsua

"Emakume bat harrigarria da; Lituaniako Presidentea izan zen 2009tik 2019ra bitarte, The Economist-eko editore burua bilakatu zen 2015ean eta Kimikaren Nobel Saria irabazi zuen bosgarren aldiz 2018an". Horrelako sarrera satirikoak topatu daitezke Wikipédia:Pastiches/Une femme orrialdean; bertan, emakume baten ibilbide ikusgarria irakurri daiteke, sekula bere izena ezagutu gabe. Satira horrekin, emakumeen eskubideen aldeko aktibista frantziarrek salatu dute prentsak emakumeen inguruko albisteak ematerako orduan erabiltzen duen tonu sexista.
Prenons la Une elkarte feministako kide Marine Périnek azaldu duenez, herrialdeko prentsak emakumeen izen abizenak alboratzen ditu beren inguruko albisteak ematerako orduan, eta generoari ematen dio garrantzia, "begira, emakume batek hau egitea lortu du" adierazten ariko balira bezala: "Irudikatu kasua alderantziz; gizon bat badakitzer hiritako alkate bihurtu da. Absurdoa, ezta? Bada emakumeokin etengabe gertatzen da".
Wikipediako orrialde hau umoreaz baliatzen da prentsaren sexismoa salatzeko, eta sekulako arrakasta lortu dute: "Pertsona bat bere generora murriztea ikaragarri umiliagarria da, baina egunero irakurri ditzakegu halako titularrak: emakume bat eskolako zuzendari, emakume bat Japoniako bankuko zuzendari 138 urteren ondoren, emakume bat sari honetarako izendatu dute, emakume bat kontseiluaren buru, eta abar luze bat".