Potroaren gainetik

Potroaren gainetik https://www.gaztezulo.eus/albisteak/potroaren-gainetik/@@download/image/gaztezulo_ilust_1462178877.jpg
2016/05/13
erreportajea
Zuriñe Maguregi @zmaguregi / Ilustrazioa: Leire Urbeltz. leireurbeltz.blogspot.com.es
Umetatik paper gaineko buruketak ebazten ikasi dugu (hiruko erregela, zatiketak dezimalekin, puntu zehatz batean gurutzatuko diren trenen abiaduraren kalkulua, ...); historian zehar izandako gertakariak kronologikoki sailkatzen badakigu (Frantziako Iraultza, karlistadak, Lehen eta Bigarren Mundu Gerra, Espainiako lehen Errepublika... eta gerokoak); potroaren gainetik salto egin dugu eta kimikako balentziak ere buruz ikasi izan genituen noizbait.

Orduak eman ditugu gure datu bankua osatzen, irakasle, guraso eta lagunen laguntzaz. Baina pertsona gutxi eseri zaizkigu ondoan gure barrukoak adierazten irakasteko, gure tripetan mugitzen dena kodifikatzen laguntzeko, ezadostasunen aurrean modu eraginkorrean negoziatzen jakiteko, ezezkoak onartzeko, maite ditugunei alde egiten uzteko, bakardadeaz gozatzeko, maite ditugunak behar bezala zaintzeko edota geure buruarengan sinesteko. Bizitza osoan zehar sortuko diren arazoei aurre egiteko tresnak erabiltzen, alegia.

Zer da kirolariari egunez egun marka hobetzen laguntzen diona? Eta jarritako marka ez lortzeak sortzen dion frustrazioa gainditzeko indarra ematen diona? Nola buelta eman bizitzak egokitu dizuna eta benetan nahi duzunaren arteko desorekari? Nola irentsi tokatu zaizun sariak ematen dizun ezinegon zaporea? Zer egin dezakegu gure pasioa ogibide bihurtzeko? Zein da gure ametsak betetzeko ordainduko genukeen prezioa?

Arazoak izatea ez da berez arazoa, hauek konpontzeko tresna egokiak erabiltzen ez jakitea baizik.

Oztopoak oztopo, bi metro t’erdiko altuera duen potroaren gainetik, esku eta bihotzeko zartaden orbanak miazkatuz eta kronometro eta arnasketaren arteko koreografia dantzatuz, sekula ez ikasitakoa egiteko gai gara. Arazoak arazo, gure jarrera izango dugu bidelagun.