'Poteo Atipikoa' Baionan, Heletan eta Donibane Garazin

'Poteo Atipikoa' Baionan, Heletan eta Donibane Garazin https://www.gaztezulo.eus/albisteak/poteo-atipikoa-baionan-heletan-eta-donibane-garazin/@@download/image/2011923942poteoatipikoa7.jpg
2012/12/13
berria
"Erraiten den bezala: utzi telebixta eta goazen goxoan". Traboules elkarteak kalera irteteko, elkartzeko, kulturaz gozatzeko eskaintza alternatibo oparoa antolatu du irailaren 12tik 17ra. 

Poteoa Euskal Herrian ondo sustraituriko ohitura da. Ohitura sanoa ere bada, lagunekin egoteko, kalea bizitzeko modua eskaintzen baitu. Lagunekin egoteko, kalea bizitzeko modu aunitz daude ordea. Traboules elkarteak, 2001ean sortua, jende ezberdina elkartzea, artista, antolatzaile eta ikusleek topo egitea, eta eskaintza ezberdinak ahalbidetzea bilatzen du bi urtean behin antolatu ohi duen Poteo Atipikoarekin.

Bosgarren edizioa da aurtengoa, eta Baiona, Heleta eta Donibane Garazin emango diren hainbat proposamenek osatuko dute egitaraua: erakusketak, ikuskizunak, kale antzerkia, kontzertuak, filmak, errezitaldiak, tailerrak kafe eta bazkari kulturalak… Urtean zehar Traboulesera hurbiltzen diren hiritar eta artistek garaturiko proposamenak izango dira batzuk, inguruetako artistek gauzaturiko formatu txikiko lanak beste batzuk, baina izen handiko ikuskizunak ere disfrutatu ahal izango dira. Honela, Variatos Antigone, Ruper Ordorika, Ali Fekih edo Dégrafe-moi je te prie-k ere Poteo Atipikoan izango dira.

Egitarauak dozenaka ekitaldi jasotzen ditu, xehetasun guztiak Traboulesen webgunean topatuko dituzu, baina aurrerapen txiki bat ere jasotzen dugu jarraian. "Erraiten den bezala: utzi telebixta eta goazen goxoan, bizi 'arrunta' aski goiz hasiko baita" azaltzen dute antolatzaileek festa inspiratzen duen gogoa.


Egitaraua


Irailaren 12an Baionako hiri-erdiguneko Mediatekan Eugène Durif idazlearen irakurketa eta eztabaida literarioa.
Irailaren 13tik 17ra Eugéneren liburua aire librean erakusketa Heletako Itsasoa kafe kulturalean.
Irailaren 13an Trabaoules korala 18:45 Heletako Itsasoa kafe kulturalean.
Irailaren 13an Heletan baita Munduko auzo guztien afaria. Norberak berea eraman beharko du eta plater artean zenbait film labur: Gustave Kerveneken Ya Basta eta Jules Ferranden Le banc eta Au fil de l'eau.
Irailaren 14ean piano errezitaldiak Heletako Itsasoan eta Erregelu plazan.
Irailaren 15ean L'aquarium itsas bazterreko antzerki tailerra Heletan.
Irailaren 16an Ali Fekih eta Ruper Ordorika Heletan.