Postal Kolekzionistak taldeak 'Palestina, herri zapalduen kanta' plazaratu du

Postal Kolekzionistak taldeak 'Palestina, herri zapalduen kanta' plazaratu du Román Eguía mexikarrak egindako irudia du lagun kantuak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/postal-kolekzionistak-taldeak-palestina-herri-zapalduen-kanta-plazaratu-du/@@download/image/6c79cffe-9d59-c954-63a1-c838ac5b2cd5.jpeg
2024/09/11
Román Eguía mexikarrak egindako irudia du lagun kantuak.
Postal Kolekzionistak taldeak 'Palestina, herri zapalduen kanta' plazaratu du

Postal Kolekzionistak talde tolosarrak Ezusteko Kantak lanaren barruko Palestina, herri zapalduen kanta abestia zabaldu du. Bere garaian diskoa erosi zutenek postal bat jaso dute egunotan, kantua publikatu aurretik entzuteko, eta, gaurtik aurrera, edonorentzat entzungai dago sarean.

Postalak Román Eguía margolari mexikarraren koadro bat du bidelagun abestiak. Taldeko kide den Iñigo Asensiok aurten ezagutu du margolaria, Mexiko iparraldean, bertan Ezusteko kantak lana aurkezten ari zela. "Kuriosoa da, Mexikon asko egonagatik, nik ez nekien halako komunitate palestinarra zegoenik Torreonen, eta han kontzertua ematean ezagutu nituen palestinar komunitateko hainbat kide, eta hauetatik oso gertu dagoen Román Eguía margolaria ere bai. Abestia erakutsi nion, irudia sortzea proposatu, eta Romanek koadro hau eskaini digu kantuarekin batera bidea egin dezan", azaldu du taldeko abeslari eta kantugileak.

Honela azaldu du Asensiok kantuaren izenburua: "Herri zapalduak soilik abesten ote dio herri zapalduari? Hala pentsatu nuen, Euskal Herrian badugula herri zapalduei abesteko, euren alde kantatzeko joera berezia, ziurrenik, finean, gu ere herri zapaldu bat garelako".

Udazkeneko kontzertuak
Postal Kolekzionistak taldea zuzenean entzuteko aukera izango da udazkenean. Urriaren 6an, Tolosako 3 Tabernan joko dute, formatu akustikoan, eta urriaren 26an, berriz, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kluba Aretoan. Euskal Herritik kanpo ere ibiliko dira, urriaren 30ean Toledon izango baitira, eta azaroaren 1ean, Madrilen.