Pornopunk feminismoa

Pornopunk feminismoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pornopunk-feminismoa/@@download/image/20102493Fertxu.jpg
2010/02/05
erreportajea
Fertxu Izquierdo
Pornopunk feminismoa


Pornopunk feminismoa ez da film bat, ezta larrua jotzen ari diren bi neska punky ere, baizik eta azken garai hauetan zabaltzen hasia den kontzeptu berri bat.

Baina hain berria al da? Punkak berak urteak daramatza gure artean eta pornoak zer esanik ez.

Beatriz Preciado filosofoak, Testo Yonki izeneko liburua idatzi duenak asmatu omen du terminoa. Eta zer esan nahi digu Beatrizek izen horrekin?

Interpretazioz interpretazio nik neuk neure ondorioak bilatu eta atera ditut. Hasteko izen probokatzailea dela iruditzen zait, arreta erakartzen duena. Beraz, pornopunk feminismo kontzeptua irakurri eta hara bideratuko ditugu gure begiak, irakurtzeko prest, ezta?

Bigarrenez bururatzen zait bai pornoa bai punka oso termino gogorrak direla, indartsuak, basatiak... beraz, feminismo hitzari bi abizen horiek jartzen badizkiogu molotov bonba semantikoa izanen dugu esku artean.

Punk mugimenduak nesken irudi gogor eta indartsu bat eskaini zigun. Neska punkya izatea neska gogorra izatea zen: kolorezko gandorra altxatuta ibiltzea, kateak eta inperdibleak edonon, mutilekin batera kontzertuetan saltoka aritzea, kaleko borroketan parte hartzea... Nolabait, punk mugimenduak gerlari bihurtu zituen neskak. Zentzu horretan, beraz, ongi deritzot punk terminoa feminismo berrirako berreskuratzea.

Eta pornoarekin zer? Orain arte, porno kontsumoa gizonei zuzendua izan da, zalantza izpirik gabe. Hori horrela izanda, zergatik ikuspegi feminista batetik pornoa aldarrikatu? Egoerari buelta emateko modu bat delakoan nago.

Emakumeak pornoa bereganatzen hasiak dira, beren sexualitatearen eta plazeraren jabe direla argi eta garbi adierazteko, baita pantailan ere, orain arte gizonei mugatutako lurralde batean. Eta horren adibidea da Erika Lustek idatziriko Porno para mujeres liburua edo egile berak zuzendutako hainbat film porno (Barcelona sex project, besteak beste).

Probokazioa, gerlari jarrera eta itxura, plazeraren aldarrikapena... pornopunk feminismoaren garaia iritsi ote da? Batek daki! Zuek badaezpada ere goxa ezazue inor molestatu gabe, badakizue... eta on egin!