Poltsikoko antzerki lehiaketa

Poltsikoko antzerki lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/poltsikoko-antzerki-lehiaketa/@@download/image/20114303601Poltsiko_Kartela.jpg
2012/12/13
berria
Poltsikoko antzerki lehiaketa
Formatu txikiko ikuskizunei tartea eginez, antzerkigile amateurrei, hasiberriei eta bestela euren lanak taularatu ezin dituztenei aukera bat eman nahi die Adunako Asvinenea antzerki laborategiak. Zortzitik hamabost minutura bitartean izan ditzake poltsikoko pieza hauetariko batek. 

Apirilaren 29an hasi eta maiatzaren 20ra bitartean ostiralero 22:30etan Adunako Asvinenea Antzokian jokatuko dira lehen kanporaketak. Gero, lehen finalaurrekoa maiatzaren 27an ospatuko da, bigarrena ekainaren 3an, eta pieza txikien final handia ekainaren 10ean.

Bostgarren edizioa du aurtengoa lehiaketa honek. Eta urterik urte partaidetza eta ikuslego aldetik gero eta arrakasta handiagoa duela azpimarratzen dute antolatzaileek. Aurten 27 talde daude izena emanda eta hauetatik bederatzi dira euskarazkoak.

Epaimahaia Asvinenea elkartetik kanpoko jendeak osatzen du. Aurreko edizioetan lan horietan aritutako zenbait izen zerrendatzen hasita Andoni Agirregomezkorta (Vaya Semanita), Joxe Mari Agirretxe (Porrotx), Iñaki Agirrezabal (Gorringo) eta Maider Bartolome (Zazpiarte) aipatzen dituzte antolatzaileek.

Ikasle, sortzaile, amateur nahiz profesionalei irekia da lehiaketa. Formatu txikia landuz teknika eszenikoen ikerketari eta balio berrien formakuntzari ere ateak irekitzea da oinarrizko ideia. Antzerki elkarte ezberdinen arteko harremanak bultzatzea ere garrantzitsutzat dute Asvineneakoek.

Denak handia eta masiboa izan behar duela ematen duten garai hauetan asko eskertzen dira ikuskizun txikiak. Eta hauek bezala poltsikoan sartzeko modukoak badira are gehiago.