Pokemon kartei esker, esku artean hamar milioi dolarreko balorea duen estatubatuarra

Garai batean ospea izandako hura lurpean gordeta geratzen da betiko, baina batzuetan modak itzuli ere egiten dira. Horixe da, hain zuzen ere, Pokemon kartekin gertatu dena. Azken hilabeteetan jende asko dendetan ilaran zain egon da, eta diru-kopuru handiak ordaindu ditu karta zaharrenen truke. Gary Haase estatubatuarra Las Vegasen bizi da eta hiru seme-alabaren aita da. Aurrez diru-arazoak izan ditu, baina urteetan osatutako bildumari esker, 10 milioi dolarreko balorea du egun.
Agidanez, Haasek betidanik izan du gauzen bildumak egiteko joera: Coca-Cola botilen txapak, komikiak, zientzia fikzioaren inguruko salgaiak eta mota askotako kartak. 1998an hasi zen Pokemon kartak biltzen. Garai hartan, kasinoko gerente lanpostuari uko egin behar izan zion gaixotasun bat tarteko, eta entretenitzeko beharretik hasi zen zaletasun hau. Karta berriak topatzeko ahalegin handia egiten zuen eta baita estatutik kanpo bidaiatu ere. Izan ere, topatu eta saldu egiten zituen, eta hilean irabazitako lau mila euroekin mantentzen zuen familia.
Bildumaren zati bat sekretupean du, segurtasun handiko biltegi batean gordea. Bere asmoa ez omen da haiek saltzea, ordea, hiltzen denean seme-alabei uztea baizik, eurek erabaki dezaten zer egin.
Pokemon karten balorea hamar edota hamabost aldiz handitu da, eta bildumazaleek negozioa egiteko aprobetxatu nahi izan dute bigarren loraldia. Iaz, esaterako, errobot-besoak saltzen zituen John Stibich izeneko gizonak lanaldi osoko lanpostua utzi zuen eta kartak saltzeari ekin zion. Sei hilabetean 100.000 dolarreko irabazia lortu zuen eta urte hasieran Dubaira bidaiatu zuen 1997. urteko Pokemon karta baten salmenta negoziatzeko, 350.000 dolar baitzeuden jokoan. Stibich berari ere bitxia iruditzen zaio egoera: "Duela hogei urte, Pokemonen kartak eskolako autobusean trukatzen nituen. Orain, berriz, Dubain ari naiz tratuan". Kartek bere ondare garbiaren %80 ordezkatzen dute orain.