Pog Mo Thon: Utikan oztopoak

Pog Mo Thon: Utikan oztopoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pog-mo-thon-utikan-oztopoak/@@download/image/91p80pogmog.jpg
2008/12/05
erreportajea
Pog Mo Thon: Utikan oztopoak
Kredituei erreparatu orduko, segituan entzuteko gogoa sortzen duen disko horietako bat dugu honakoa. Pog Mo Thon taldeaz ari gara, eta "Oztopo guztien gainetik" izeneko lan berriaz. 

Haritz Harreguy handiak zuzendu ditu estudioko lanak. Erabateko bermea disko batek ezeren falta izan ez dezan. Hori gutxi ez, eta Milango Nautilus estudioan masterizatu dute diskoa, Harreguyk berak gomendatuta. Norekin, ordea? Bada, Antonio Bagliorekin. Laura Pausini, Miguel Bose edota Eros Ramazzottirekin aritua, maila goreneko soinu ingeniaria da italiarra (Pog Mo Thon-ek New York-en masterizatu zuen aurreko diskoa, West West Side estudioan. Sick of it all, Sepultura eta Snapcase pasatu dira handik, besteak beste. Taldeak, mutur batetik bestera egin du jauzi). Bai, badakigu aipatutakoek ez dutela musikaz izan dezakegun kontzeptuarekin zerikusi handirik, baina ez izutu! Harreguy bezalako teknikari batek egindako esfortzua alferrik galduko duen inor gomenda dezakeela pentsatzea ere… Nolakoak zareten! Oso bestelako talde batekin aritu arren, Bagliok distira atera dio proiektuari.

Hitzei dagokienean, ildo beretik jarraitu dute mungiarrek: Gotzon Barandiaran, Arkaitz Estiballes, Igor Estankona, Julen Gabiria eta Miren Ibarluzea. Edozein taldek bitan pentsatu gabe fitxatuko lituzkeen letra sinatzaileak; luxuzko koadrila, hizkuntzaren Dream team modukoa. Gauzak horrela, azken emaitza CDa bera baino biribilagoa izan da, ezin bestela izan.

Hurrengo erronka, estudioan ereindakoa eskenatokietan defendatzea izango da. Ziur gaude apustua aise gaindituko dutela, laukoteak eskarmentu handia baitu zuzenekoetan. Azkenaldian emandako 40 kontzertuek horretarako, eta gehiagorako, bermea ematen diete mungiarrei. Ez da oztoporik, Pog Mo Thon kikilduko duenik.