Podcasting edo i-rratsaioa

Podcasting edo i-rratsaioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/podcasting-edo-irratsaioa/@@download/image/55p52-1.jpg
2005/09/02
erreportajea
Gorka Julio
Podcasting edo i-rratsaioa
Podcasting hitzak arraro samarra dirudi, baina ez da beste munduko ezer. Podcastinga RSS jario batez banatutako audio fitxategi bat besterik ez da. Normalean mp3 edo ogg fitxategiak izan ohi dira Podcastingak, eta irakurgailu eramangarri batean entzuten dira. Zatozte uhinak astindu dituen berrikuntza hau gertuagotik ezagutzera.

Lehenik eta behin, azter dezagun nondik datorren Podcasting hitza. Hain zuzen, Pod + broadcasting hitzetatik sortutako inglesezko hitza da. Lehenengoa Appleren iPod mp3 irakurgailu eramangarri famatuaren izenetik dator, normalean era horretako irakurgailuetan entzuten baitira i-rratsaio hauek. Aldiz, Broadcasting hitzak soinu edo bideo hedapena adierazi nahi du.

Egia esan, niri gehiago gustatzen zait i-rratsaio hitza. Alde batekik, ahoskatzerakoan, "irratsaio" hitz arruntaren ondoan batere alderik ez dagoelako, eta bestetik, lehen aipatutako konotazioak ez dituelako. Hala ere, onartu behar da podcasting hitza nahiko zabaldua dagoela.

Eta audio fitxategiak?

Esan bezala, RSS jario bat (GAZTETXULO, 53. zenbakia) erabiltzen da audio fitxategia banatzeko. RSS jario hau jario-irakurgailu batekin irakur dezakegu, eta honen bitartez -harpidetu ondoren, noski-, modu automatikoan jakin ahal izango dugu programa horren beste saio berri bat dagoen edo ez. Beste era batera esanda: harpidetzea bera, saioa eguneratzen ari ote den jakiteko era sinplea da.

Sistema hau iraultza moduko bat iruditzen zaie zenbaiti; izan ere, interesatua dagoen edozein pertsonak berehala eskura dezake eguneratutako saioa. Bestalde, sistema honek beste aldaketa sakon bat ere badakar: ahalbidetu egiten baitu jende xeheak bere informazioa eta iritziak modu errazean hedatu ahal izatea, mass medioen inperiotik at.

Podcastinga irakurtzeko jario irakurtzaile interesgarriena iPodder (http://ipodder.sourceforge.net) da. GNU/Linux, Mac eta Windows sistema eragileetan erabil daiteke. Oso era errazean, nahi dugun podcastera harpidetu, eta saio berririk dagoen ikusteko aukera ematen du. Hala, saio berria jaitsi, eta gure irakurgailu arruntean, ordenagailuan edo mp3 irakurgailu eramangarrian irakurri ahal izango dugu.

Euskarazko i-rratsaiorik bai?

Bai, baina bakarra. Jabi Zabalak eta Patxi Gaztelumendik irratia.com (www.irratia.com) saioa egiten dute. Euren programa irrati uhinen bitartez aireratzen duten arren, podcast bitartez ere zabaltzen dute. Horrelako saio bat egiteko, ez dira irrati normal bateko tresna guztiak behar, eta normalean, nahikoa izaten da mikrofonoa duen ordenagailu batekin.

Lehenik, programatxoren bat erabili behar da grabaketa egiteko. Windowsen, interesgarria izan daiteke Pod Producer erabiltzea. GNU/Linux eta Mac sistemetan, aldiz, Audacity (http://audacity.sourceforge.net) soinu edizio programa oso interesgarria da.

Ondoren, zerbitzari propioa badugu, fitxategia zerbitzarira igo beharko dugu. Zerbitzaririk ez dugunok, gure fitxategia hartuko duen zerbitzaria beharko dugu, eta horretarako, hainbat aukera daude. Dena den, ondorengo hauek dira interesgarrienak.

Rizz.net delakoan zure fitxategiak dohainik igo ditzakezu. Aldiz, CC Publisher proiektuan (http://creativecommons.org/tools/ccpublisher), zure fitxategiak igotzeaz gain, creativecommons lizentziaren pean erregistratzeko aukera duzu. Horrela, zuk ezarritako baldintza batzuen pean, zure lana erabili, eraldatu edo zabaltzeko aukera ematen diozu jendeari.

Ondoren RSS fitxategia osatuko dugu. Fitxategia eskuz egin daitekeen arren, Easy Podcast www.easypodcast.com programak asko erraztuko digu lana. Azkenik, RSS fitxategi hau gure webgunera igo beharko dugu, eta kito.

Gurekin harremanetan jartzeko:
juliuska@euskalerria.org

Ezinbestekoak


• www.polaroidonizer.nl.eu.org webgune honetan, zure edozein irudi Polaroid argazki baten moduan jar daiteke, oso interesgarria da.

www.mundurat.net Euskal Herriko hainbat proiektu alternatibo hartzen dituen zerbitzaria da.

Podcastak aurkitzeko



Arestian aipatu dugun euskarazko I-rratsaioaz gain, podcast asko aurki daitezke beste hizkuntza batzuetan. www.podcast-es.org/index.php/Directorio helbidean gazteleraz, katalanez eta euskaraz idatzitako podcasten bilduma dago.

www.elacentral.com/podblaster/podblaster_directory.htm
helbidean, aldiz, frantsesez egindako podcast-en bilduma topatuko duzue. Ingelesez milaka daude, hemen ikus ditzakezue www.podcast.net.

I-rratsaiook entzuteaz gain, podcast bat egitera animatu nahi zaituztet, ea denon artean internetek eskaintzen dituen aukera guztiak erabiltzen ditugun, eta euskara, bide honetatik ere, ahalik eta gehien erabiltzen dugun.