Pobrezia menstruala eta alternatiba jasangarriak

Pobrezia menstruala eta alternatiba jasangarriak Ziur pobrezia menstruala kontzeptua noiz edo noiz entzun duzuna, bederen. Honek, menstruatzen dugun pertsonoi modu zehatzean eragiten diguten egoerak identifikatzen laguntzen du, baina badakizu zeri egiten dion erreferentzia zehazki? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pobrezia-menstruala-eta-alternatiba-jasangarriak/@@download/image/8e469b8967ccffb265b22a0c276e16f1.jpg
2022/06/30

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Ziur pobrezia menstruala kontzeptua noiz edo noiz entzun duzuna, bederen. Honek, menstruatzen dugun pertsonoi modu zehatzean eragiten diguten egoerak identifikatzen laguntzen du, baina badakizu zeri egiten dion erreferentzia zehazki?
Pobrezia menstruala eta alternatiba jasangarriak

Arrazoi ekonomikoengatik hilekorako oinarrizko produktuak eskuratzeko zailtasunak izatea da pobrezia menstruala, baita edangarria den uda, xaboia eta garbitasun intimorako bestelako produktuak erosteko arazoak edukitzea ere. 

Izan ere, menstruatzen dugunok hilekoarentzako produktuak hilabeteetan behin, gutxienez, behar izaten ditugu gure bizitzaren zati handi batean. Bada hauei, Espainiar Estatuan, luxuzko produktuen BEZ bera aplikatzen zaie.

Noizbait aukeratu duzu gutxiago gustatzen zaizun marka edo produktu bat finkatua duzun aurrekontutik alde egiten dizulako nahi duzunak? Bada hori pobrezia menstruala da. Ez bada zure kasua, datu zehatzago batzuetara joango gara. Izan ere, DIM PROTECT deitutako proiektuak berdintasuna eta osasun menstruala deitutako ikerketa burutu du Espainiar Estatuan. Honen helburua (ez)berdintasun menstrualak identifikatu eta ulertzea da. Hona hemen datu batzuk:

-Parte hartu zuten pertsonen %22,2k salatu zuten, arrazoi ekonomikoengatik, ezin izan dituztela, noizbait, hilekoarentzat produktuak eskuratu.
-%39,9ak salatu du euren gustuko produktuak ezin eskuratuta geratu izan direla arrazoi ekonomikoengatik.
-Parte-hartzaileen %74ak onartu du produktu bera berrerabili izan dutela leku egokirik ez zutelako behar bezala aldatu ahal izateko. 
-Lanera joan ezinda geratu dira galdetutakoen %18,3 hilekoagatik.
-Eskolara joan gabe %56,6.
-Galdetutakoen %76,4ak malgutasun handiagoa nahiko luke lan ordutegietan edo telelaneko aukera hilekoa duten garaian. 
-%49,9ak hilekoaren bajarako eskubidea aldarrikatu dute (adibidez, min menstruala oso handia denean). 

Argi
dago, beraz, menstruazioaren inguruko egoerak askori modu ezkorrean eragiten diela eta ezinbestekoa dela hau aldatzeko politika publikoak bultzatzea eta eskoletan hezkuntza menstruala zabaltzea. Alderdi ekonomikoan, berriz, aurrezteko hainbat aukera daude egun, gainera planetarentzako jasangarriagoak ere badira!

Kopa menstruala da horietako bat. Hainbat euro aurrezten laguntzeaz gain, tanpoi eta konpresekin baino gutxiago kutsatuko duzu ingurua (azken hauek 300 urte behar dituzte erabat deuseztatzen) eta gainera menstruazio kontzienteago bat bizituko duzu, hilekoaren kopurua, kolorea eta testurak behatzeko aukera ematen baitu kopak. 

Bada beste aukera jasangarri bat ere: kulero menstrualak. Ohiko kuleroak bezala garbitu eta berrarabili daitezke eta urteetan iraun lezakete. Kirolaria bazara oso gomendagarriak dira, baita hilekoaren azken egunetarako ere. Gainera, hezetasun sentsaziorik ez da nabaritzen. Koparekin batera erabili litezke fluxurik gehieneko egunetan.