Plastikozko botilak arriskutsuak suertatu litezke muturreko beroagatik

Plastikozko botilak arriskutsuak suertatu litezke muturreko beroagatik Zenbat eta bero gehiago egin, orduan eta plastiko gehiago iragazi daiteke janarira edota edateko uretara. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/plastikozko-botilak-arriskutsuak-suertatu-litezke-muturreko-beroagatik/@@download/image/agua_en_sol_1.jpg
2019/07/24

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Zenbat eta bero gehiago egin, orduan eta plastiko gehiago iragazi daiteke janarira edota edateko uretara.
Plastikozko botilak arriskutsuak suertatu litezke muturreko beroagatik

Aste honetan sekulako beroak jasaten ari gara. Azpeitian bertan inoizko tenperaturarik altuenak pairatu zituzten pasa den asteartean. Errekorrak hausten ari gara. Alabaina, freskatzeko plastikozko ur botila ahoratu aurretik agian informazio hau irakurtzea interesgarria suertatuko zaizu.

Zenbat eta bero gehiago egin, orduan eta plastiko gehiago iragazi daiteke elikagaietara eta edaten dugun uretan. Normalean, plastikozko botilek oso material kopuru urria askatzen dute uretara, baina kopuru hau igotzen joaten da tenperaturarekin batera eta denborarekin joanarekin. Muturreko tenperaturengatik plastikoaren sustantzia kimikoak uretara iragazten dira beraz, plastikozko botiletan. Adituek diotenez dosiak oso txikiak dira osasunean arazoak sortzeko, baina dosi horiek askotan irensten badira pilatu daitezke eta horrek bai, ondorio ezkorrak ekarri ditzake.

Plastikozko botila bat udako egun bero batean
Dendetan aurki ditzakegun botila gehienak polietileno edo PET deitutako plastiko batekin eginak daude. Ikerketa baten arabera, PET materialaren askatzea azkartzen du beroak. 21 gradurekin, oraindik segurua da material hau, baina hortik gora askozaz azkarrago kutsatzen du botila barruan dagoen ura.

2014an substantzia toxikoak aurkitu ziren txinako ur botilaratuetan. 2016an berriz, Mexikon saldutako plastikozko botiletan. Bi kasuetako ura aztertu zen muturreko tenperatura balizkoan: 65 gradu.

Eta ontzi berrerabilgarriak?
Berrerabilgarriak diren botilak dentsitate altuko polietilenoz edo polikarbonatoz eginak izan ohi dira. Orokorrean materiak hauek birziklatzeko programetan onartuak daude, baina polikarbonatoa birziklatzeko zailagoa da.

Botila berrabilgarri gogor, distiratsuak eta eragarriak sortzeko fabrikatzaileek bisfenol A edo BPA bezalako materiak kutsakorrak erabiltzen dituzte. BPA etengailu endokrino bat da, hau da, funtzio hormonal normala aldatu dezake eta osasun arazo arriskutsuak eragin. Zenbait ikerketek produktu hau bularreko minbiziarekin lotu dute. Estatu Batuetan debekatua dago BPA materiala biberoi eta umeentzako katiluetan erabiltzea. Halere, fabrikatzaile askok kontsumitzaileen kezkei erantzunez, beste produktuetan ere BPA erabiltzeari utzi diote.

Alta, BPArik gabeko etiketak ez du esan nahi “segurua” denik materiala. Alternatiba bezala bisfenola erabiltzen da eta material hau BPAaren oso antzekoa da. Beraz, botila berrerabilgarriak izanagatik tenperatura altuetan BPA edo bisfenola iragazten dute, ura kutsakor bihurtzeraino.

Kristala beraz, plastikoa baino seguruagoa da. Ezinezkoa balitz kristala erabiltzea, plastikozko botila poltsa baten barruan edo behintzat eguzkiak ematen ez dion toki batean edukitzea gomendatzen da, eta noski, inolaz ere ez utzi eguzkiak bete-betean emango dion kotxe baten barruan.

Haatik, gutxitan ematen diren egoerak baldin badira ez du inoren osasuna arriskuan jarriko, baina lanjerosa izan daiteke plastikozko botilak egunero erabiltzeko ohitura duzunetakoa bazara. Nahiz eta kantitate txikiak iragazi, apurka apurka material hori pilatzen joaten da eta horrek gure osasunean eragina izan dezake. Adituek, kristala ezin bada, metalezko botilak proposatzen dituzte alternatiba moduan.